«Testuarekin konektatu behar duzu horrelako lan bat ilustratzeko»

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 29a, 08:00
Maite Gurrutxaga, 'Tigre batekin bizi' liburua eskuaetan duela

Tigre batekin bizi liburua osatu dute elkarrekin Harkaitz Cano idazleak eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak (Amezketa, 1983) Elkar argitaletxearekin.


Nola sortu zen liburua egitearena?

Ohikoena da argitaletxea ilustratzailearena etortzea, eta kasu honetan idazlea bera izan zen. Harkaitz eta biok Galtzagorrik antolatzen dituen Marrazioak tailerretatik ezagutzen ginen. Esan zidan ilustratu zitekeela uste zuen testu bat zuela, eta proposamena egin zidan. Poema pasa zidan eta, lehenik eta behin, sentitu nuen ilustratzeko gogoa. Izan ere, ez da nahikoa ikustea ilustratu dezakezun edo ez horrelako lan batean sartzeko, testuarekin ere konektatu behar duzu.

Beraz, garrantzitsua da zer sentiarazten dizun testu batek ilustratzen hasterako.

Eta ez bakarrik proposamenekin, baita enkarguekin ere. Sentitu behar duzu inplikatzeko gogoa, lana garatzeko gogoa. Interesa pizten dizunean hobeto egiten duzulako lana. Eta proposamena kanpotik etortzen denean are eta gehiago, eskatzen dizulako lan egitea jakin gabe argitaratuko duzun ala ez. Argi izan behar duzu saiatu nahi duzula abentura horretan.

Nola izan da Harkaitz Canorekin lan egitea?

Egia esan oso atsegina. Testua pasa zidan eta halako zatiketa bat egin genuen gaika, hau da, ilustrazio bakoitzari egokitzen zitzaion testua pentsatu genuen elkarrekin. Gero, zenbaitetan elkartu ginen lana erakusteko, zer bide hartzen ari zen ikusteko. Idazleari prozesuan zehar erakutsi diodan lana izan da, eta horrek lagundu du liburu biribilago bat osatzen.

Zer kontatzen da liburuan?

Liburuak kontatzen du pertsona batzuk tigre bat dutela etxean. Eta tigre hori iruditan modu oso lauso batean agertzen da, eta testuan ere bai. Interpretaziorako bide irekia uzten du. Testua horrela izanik, ni saiatu nintzen irudiekin giro hori osatzen. Tigre bati buruz hitz egiten du liburuak, baina izan daiteke egoera mental bat, liskar bat, gauza asko… Nire ustez egindako lanarekin libre uzten diogula irakurleari bere interpretazioa egiteko.

Irakurle bakoitzak berea egingo du liburua, hortaz.

Bai, izan daiteke norberak bere barruan duen gatazka batekin edo beste pertsona batekin duenarekin, edota beste hainbat gauzekin lotzea. Irakurtzen duenaren arabera, izan dituen bizipenen arabera, oso ezberdin jasoko du liburua. Irudiak ere irakurri egin behar dira. Baten batek ikusiko du bere burua pertsonaietan, beste batzuek bere ama edota bere aita. Horrek ere irakurketa ezberdinetara eramango du.

Koloreen aldetik berdea da nagusi.

Zerbait ilustratzea egokitzen zaidanean, saiatzen naiz bai formatuaren eta bai koloreen bidez testuen beharrei erantzuten. Eta horren arabera aukeratutako koloreak dira. Berdea pertsonalki asko kostatzen zaidan kolorea da. Agian horregatik ere aukeratu dut berde hori. Testuak halako giro bat sortzen duelako pixka bat arraroa, eta berdeak ere horrelako konnotazio arraroak dituelako.

Beste proiekturen batean zaude orain?

Enkarguak sartzen direnean edo kanpotik lana etortzen denean, gustura hartzen dituzu, eta ez denean etortzen mugitu beharra daukazu, eta orain aurkeztu dugun liburua bezalako proiektu pertsonaletan sartzen saiatzen naiz. Orain erabat marrazten jartzeko gogoa daukat, album bat osatzeko edo. Uste dut proiektu pertsonal batean sartuko naizela hurrengo hilabeteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!