Ordenantza fiskalak KPIa igoz onartu ditu udalbatzak aho batez

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 8a, 09:15

%1,7a igoko da, eta 2018rako herritarrenganako presio fiskala gutxitu egin dela adierazi dute Amezketako Udaletik, 2017rako onartu zirenekin alderatuta.

Amezketako Udalbatzak aho batez onartu berri ditu 2018ko ordenantza fiskalak, eta KPIa aplikatuz, %1,7 igoko dira. Dokumentuan udal zergak eta udal zerbitzuen tasak aurreikusten dira, eta hauek udal aurrekontuaren sarreren %44 inguru dira, hortaz badute bere garrantzia. Halere, azken datu hau azaldu behar dela dio udalak: «Gipuzkoako bataz bestekoa %54a da eta beste herri txikietako bataz bestekoa %45a da. Beraz, Amezketan presio fiskala Gipuzkoako beste herri askotan baino baxuagoa da».

2017. urterako ordenantza fiskalak zehazteko, batetik, KPIa (Kontsumo Prezioen Indizea), eta bestetik Amezketa bezalako biztanle kopurua zuten Gipuzkoako beste zenbait herriren udal zergen bataz bestekoak aintzat hartu ziren. 2018. urterako, aldiz, KPIa bakarrik hartu da irizpide bezala, zehazki Gipuzkoako abuztuko urte artekoa, %1,7koa izan dena. Aurreko urtean esfortzu fiskala areagotzea eskatu bazitzaien herritarrei, behin maila hori ezarrita, KPIa igotzea nahikoa dela deritzo udalak.

Zergaz zerga begiratuz gero, 2018. urterako aldaketa gutxi daude. Ondasun higiezinen gaineko zergaren inguruan iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak balio katastralak eguneratu zituen, eta 2018an balio hauek bere horretan utziko dira. Zerga hau %1,7 igoko da eta iaz ezarritako familia ugarientzat hobaria mantenduko da. 2017an 11 familia izan dira onuradunak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionez ere %1,7 igoko da. Iaz, zerga honetan hobari berria ezarri zen: turismo, autobus eta kamioi motako ibilgailuentzako %20ko hobaria kuotan, kontsumitzen duten karburante motaren arabera, motorraren ezaugarrien arabera eta karburante horren errekuntzak ingurugiroari kalte gutxiago eragiten duenaren arabera, hau da, ibilgailu elektriko edo hibridoen kasuan. 2017an ibilgailu bati aplikatu zaio.

Udalerriko jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren karga tasak % 1,7 igoko dira, eta iazko hobariak mantentzen dira: fatxada eta teilatuak konpontzeko, eta irisgarritasuna mesedetzeko hobariak; sute, uholde edo beste edozein motatako hondamendiek sortutako kalteen ondorioz eraikin nahiz instalazioetan egin beharreko berreraikuntzazko obretarako hobariak; nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin zerikusia duten eraikuntza, instalazio eta obretarako, eta azkenik, eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzeko obretan.

Tasak eta prezio publikoei dagokienez, guztiak bere horretan mantenduko dira: zabor bilketa, udalekuak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, Amezketako Udalaren onura publikoko mendian larratzeko eskubidea, hirigintza lizentziak emateagatik, eta abarrek ez dute aldaketarik izango. Azkenik esan uraren tasaren barruan, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak uraren ziklo integralarentzat onartutako kopurua, alegia, kanona, %1 igo dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!