«Bi aste hauetan topera kontzentratzen saiatuko naiz»

Asier Imaz 2017ko aza. 6a, 20:00

Partida ondorengo prentsa agerraldian gustura baina lasai zegoen amezketarra.

5-2 galtzen joan arren, hasieratik amaierara jokoan nagusi izan zara.

Hasieratik nagusitasun hori banuela ikusi dut, baina txokotik zabalera ibili beharrean zuzen ari nintzen pilota mugitzen. Horrela Aimarri irabaztea oso zaila da, zezen bat delako. Gero pilota mugitzen gehiago asmatu dut, eta oso ondo.

Aldi berean, dominatua izanagatik, Olaizola II.ak pilotari arriskutsua dela erakutsi du.

Beti. 12-21 jarri zaidanean ere, sakearekin, ez dizu inoiz lasai uzten. Ondo errestatu behar da bere aurka, beti. Tentsio horrekin jokatzera behartzen zaitu partida osoan.

Eta Ekaitz Saralegik hori esaten zizun aulkitik: jarraitzeko. Nahiz eta 12-21 joan.

Bai. Ekaitzek gehienbat pilotari abiadura emateko esaten dit. Pilotakada bakoitzean dena emateko. Azkenean, zuk ez baldin badiozu ematen besteak ematen dio, eta korrika ibiltzen dena nekatzen da. Nik uste hor asmatu dugula.

Harmailetan izugarrizko zalaparta sortu duzu. Zure ohiko zaletuez gain, gero eta jende gehiago Altuna zale bilakatu dela ikusten da.

Pilotan ari zarenean, jendea zurekin gozatzen ari dela ikustea baino sentsazio hoberik ez dago. Horrek izugarrizko ilusioa sortzen dizu. Nire afizioaz gain, ezagutzen ez duzun jendea zure alde ikusteak, indarra ematen dizu, gogoa eta topera entrenatzen segitzeko indarra. Izugarrizko motibazioa da hori. Eta gero, beti esaten dudana baina egia dena: ez dakit pilotari onena izango naizen baina afiziorik onena daukat, behin eta berriz erakusten dutelako. Berdin dio non jokatu, Iruñean, Logroñon edo ez dakit non, alde guztietara joaten dira eta izugarrizko babesa ematen didate. Hori benetan kontuan hartzeko gauza da.

Orain, finala. Gozatzera, ezta?

Zalantzarik gabe. Horrelako egunetan gozatzen saiatu behar da. Egia esan, lehengo urteko finalaren aurreko bi asteetan, pixka bat erosotasunean erori nintzen. Iruditze zitzaidan egoera hori normala zela. Finala galdu ondoren, berriro final batean egotea zenbat kostatzen den konturatu nintzen. Lortu dut eta oso gustura nago emandako mailarekin. Bi aste hauetan topera kontzentratzen saiatuko naiz, partida ikaragarri gogorra eta zaila daukadalako. Dena ematera joango naiz, eta iruditzen zait txapel bat merezi dudala; ea lortzen dudan.

Irakurri hemen partidako kronika.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!