Altuna III.ak Olaizolaren aurka jokatuko du larunbatean, Labriten

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 29a, 20:43

Ezkurdiari 13-22 irabazi dio amezketarrak, final-laurdenetako ligaxkako azken partidan. Tolosako Beotibar jendez bete da gaur arratsaldean.

Lau t'erdiko finalerdiak erabakita geratu dira. Jokin Altunak Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du Iruñeko Labrit pilotalekuan, larunbatean. Mikel Urrutikoetxearen aurkaria Oinatz Bengoetxea izango da. Partida hau igandean jokatuko da, Logroñoko Adarragan.

Final-laurdenetako ligaxkako azken partidak gaur jokatu dira. Errioxan Bengoetxea VI.ak Victor txapelketatik kanpo utzi du. Tolosan, gauza bera egin du Jokin Altunak. Amezketarra 6-1 hasi da galtzen, baina ondoren partida irauli du, 12 tanto jarraian eginaz. Ezkurdiaren erreakzioa laburra izan da, eta Altuna III.ak errentari eutsi dio. Amaieran, 13-22.

Multzoko bigarren geratu da Altuna III.a. Beste multzoko lehena, aldiz, Olaizola II.a izan da. Horregatik, finalerdia euren artean jokatuko dute.

Iazko finalerdiak errepikatuko dira aurtengo Lau t'erdiko Txapelketan. Iaz Bengoetxea VI.ak eta Altuna III.ak egin zuten aurrera, Urrutikoetxea eta Olaizola II.a gaindituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!