Herritarrekin Amezketa marraztera

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 20a, 07:34

Amezketako plan orokor berria diseinatzeko prozesuak hasi du bere bidea. Bihartik hasita eta abenduaren 1a arte herritarrei begira sei saio egingo dira kultur etxean. Udalak dei egin du horietan parte hartzera.

Amezketako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren prozesua martxan jarri da eta udaletik azaldu dutenez, herriarentzat «oso prozesu garrantzitsua» izango da, «hurrengo urteetarako Amezketako hirigintzaren oinarri eta iparrorratza jarriko dituelako». Plan orokorra osatzeko herritarren parte hartzea «ezinbestekoa» dela esan du udalak eta zabalduko den parte hartze prozesuan izateko deialdia egin die herritarrei.

Astazaldi Arkitektura Estudioa ari da plan orokorraren koordinazio lanak egiten eta bertako kidea den Eñaut Muñoak azaldu duenez, plan orokorra «udalerri bateko plangintza integrala kudeatzeko instrumentua» da. «Hirigintzari lotuta dago, baina hor ere sartzen dira beste arlo batzuk, adibidez, ingurumena eta errealitate sozio-ekonomikoa».

Etxebizitzaren gaiarekin lotu izan ohi da plan orokorra, hau da, zenbat etxebizitza berri egin ahal izango diren datozen urteetan. «Hori izaten da alderik ezagunena», esan du Muñoak. «Gai hori izan da azken urteotan jendearen kezka nagusietako bat, baina aipatu behar da 2006an egindako plangintzaren aurreikuspenak ez direla hein handi batean bete. Esanguratsua da etxebizitzen kopuruari dagokionez: 190 etxebizitza berri zeuden aurreikusita, eta urte hauetan gauzatu direnak 21 izan dira».

Kontuan izan behar da plan orokorraren indarraldia 8 -10 urte ingurukoa dela. «Garapena ere nolakoa den ikusi behar da, plangintza horren aurreikuspenak betetzen diren edo ez», dio Muñoak. «Aurreikuspenak betetzen direnean, askotan plangintza hori eguneratzeko beharra ikusten da. Kasu honetan alderantzizkoa ere gertatu daiteke, hau da, aurreikuspenak ez direla ezta urrunetik bete, eta horrek plangintza beste irizpide batzuetan oinarritzea ere eskatzen du».

Plan berria osatzeko helburuei dagokionez, aurretik nola egin ohi ziren ekarri du gogora Muñoak: «Teknikariak ziren idazketari ekiten ziotenak, beti ere ordezkari politikoekin harremanetan. Helburuak teknikoen eta politikoen artean erabakitzen ziren». Gaur egungo plangintza egiteko modua aldatu egin dela dio, eta Amezketakoan asmoa herritarrek helburu horien diseinuan parte hartzea dela. «Oraindik definitu gabe daude, eta espero dugu helburu horien definizioa ere orain hasiko den parte hartze prozesu honetan zehazten joatea».

Plan orokorra osatzerako prozesuan, orain arteko lan prozedura diagnosia egitea izan da , udalerriaren gaur egungo egoera ikuspegi ezberdinetatik aztertuz: hirigintza, ingurumena eta sozio-ekonomia. «Guk egiten dugun diagnosi tekniko hori kontrastatu behar da herritarrekin», dio Muñoak. «Azkenean amezketarrak dira bere herria hoberen ezagutzen dutenak, eta nolabait guk ematen dugun diagnosi tekniko hori beraiek jantzi behar dute bere ezagutzarekin. Eta hori da orain abiatu nahi den parte hartze prozesua».

Lehen saioa, bihar

Parte hartze prozesua diseinatzerakoan, diagnostikoak berak gauza batzuk mahai gainean jarri ditu. «Amezketaren kasuan, adibidez, bai ikusi dugu Tolosaldeko eta Euskal Herriko beste herri txiki askotan bezala aurre egin behar zaien erronka edo arazo batzuk daude, eta aipagarriena da biztanle kopuruaren galera». Beste adierazle batzuk ere badaudela gaineratu du Muñoak: «Errenta maila oso altua da, baina errenta maila hori oso ezberdina da emakumeen eta gizonezkoen artean». Hain justu, parte hartze prozesuaren lehen saioa emakumeen inguruan izango da, «ikusi delako diagnostikoan emakumeen egoera Amezketan bereziki kezkatzekoa dela», esan du Muñoak. 

Hurrengo asteburuan teknikoek osatutako diagnostikoaren aurkezpena egingo da. «Agiri horiek eskuragarri daude prozesu honetarako espresuki martxan jarri den webgunean, www.amestuamezketa.eus izenekoan, baina agiria luzea da eta atal batzuk oso teknikoak. Beraz, nahi duguna da aurkezpena ahal den errazena egitea herritarrei, eta horri laguntzeko proposatzen ditugu bi hitzaldi, bata lurraldetasuna eta identitateari buruz eta bestea tokiko garapenari buruzkoa». Asmoa da herritarrek bere iritzia ematea eta talde teknikoak bide horretan aholkularitza bat ematea. «Denon artean landu beharreko prozesua da», nabarmendu du Muñoak.

Herritarren parte hartzea bultzatzeko Amestu Amezketa izeneko kanpaina jarri dute martxan, eta aldizkari bat ere argitaratu dute. «Garrantzitsua da jendearen parte hartzea, masa kritikoa lortzea. Azkenean, amezketarrak dira protagonista nagusienak prozesu honetan. Nik uste dut prozesu polita dela, eta animatu nahi nituzke herritarrak parte hartzera, beraien etorkizunari buruz hitza izan dezaten».

Amezketako Udaletik dei egin dute plan orokor berriari buruzko webgunea ikuskatzera. Bertan, plan orokorrari buruzko informazioa ikusgai egon ez ezik, arlo horren inguruko iradokizunak ere helaraz daitezke.

Behin parte hartze prozesua amaitu eta gero, asmoa da urte bukaerarako aurrediagnostiko partekatu bat osatzea. Ondoren, talde teknikoak sortu behar ditu plan orokorrak eskatzen dituen agiri guztiak, bai plano aldetik eta baita memoria aldetik. Aurtengo martxoan hasi zira prozesu guztiarekin. Hiru edo lau urte iraun ohi ditu, tramite guztiak bideratu eta behin betiko onespena eman arte.

 

PARTE HARTZE SAIOAK

Saio guztiak kultur etxean izango dira.


URRIAK 21, LARUNBATA

10:30-13:00. Emakumeak erdigunean. Diagnosi teknikoak zaurgarritasun egoeran seinalatzen duen sektore soziala da Amezketako emakumeena. Mintegi honek Amezketako emakumeak elkartzea du helburu, haien ahotsa bertatik bertara jasotzeko asmoz.

URRIAK 27, OSTIRALA

18:00-20:00. Aurkezpena. Teknikariek eginiko diagnosia aurkeztuko da lehenik. Ondoren, hurrengo egunetan egongo diren lan mahai eta erabakien inspirazio bezala bi gonbidaturen aurkezpenak izango dira: Ula Iruretagoiena lurraldetasuna eta identitateaz ariko da eta Joseba Garmendiak tokiko garapenaren eredu eta hausnarketak partekatuko ditu.

URRIAK 28, LARUNBATA

09:30-13:00. Zazpi Amets. Aurreko egunean aipaturiko gai ezberdinak Amezketako gune ezberdinetan partekatuko dira elkarrekin egingo den ibilbidean zehar. Ibilbidea berriz ere kultur etxean amaituko da lehen lan taldeak osatu eta Amezketak izango duen garapenaren zazpi Amets gidariak aukeratzeko.

AZAROAK 17, OSTIRALA

18:00-20:00. Guztion mapa. Amezketak bere etorkizunera begira aurki ditzakeen oztopo, aukera eta abantailak aztertuko dira. Amezketako Guztion mapa osatuko da aurreko lanketak jaso eta baliabideak bertan islatzeko asmoz.

AZAROAK 18, LARUNBATA

10:00-13:00. Estrategien mapa. Guztion mapa oinarri izanik, ametsak errealitate bihurtzeko estrategiak landuko dira. Amezketako plan orokorraren idazketari oinarri emango dioten estrategiak lehenetsiko dira. Azken saio honetan Talde Eragilea osatuko da, hurrengo urratsetan herritarren ordezkaritza izango den taldea.

ABENDUAK 1, OSTIRALA

18:00-20:00. Itzulketa saioa. Talde eragileak talde teknikoarekin batera lan mahaietatik ateratako proposamenek osatuko duten diagnosi partekatua eta estrategien ildoak aurkeztuko dituzte herritarren aurrean. Diagnosi partekatua eta estrategien ildoak plan orokorra idazten hasteko oinarrizko dokumentuak bilakatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!