Erakustaldiz betetako arratsaldea

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko urriaren 8a

Ugarteko ingurutxoa dantzatu dute, arratsaldean, Amezketako auzoko frontoian. Aurretik herri kirolen txanda izan da, eta dantzariek, sagardo dastaketari eman diote txanda ondoren.

Ugarteko festak ere heldu dira amaierara. Ostiralean hasi eta gaur gauera bitarte luzatuko dute bertakoek jai giroa. Gaur goizean, meza nagusiaren ondoren, txakolin dastaketa eta pintxoak jateko aukera izan da. Bazkal aurretik, bertaratu direnek, Lajaren trikiti saioa entzun ahal izan dute. Eta arratsaldean heldu dira protagonistak. Alde batetik, herri kiroletan aritu direnak, bestetik, dantzariak, eta azkenik, musikariak.

Arratsaldeko 18:00ak aldera hasi dira egurra mozten Aratz Mugerza eta Jon Irazu aizkolariak. Harriak jasotzen, berriz, Jokin Eizmendi aritu da. Ondoren, auzotarren eskutik, ingurutxoa ikusteko aukera izan da. Era guztietako dantzak egin dituzte haur nahiz helduek: kalejira, zubia, fandangoa, arin-arina... Azkenik, trikitilariek ere izan dute beren doinuak plazaratzeko unea. Guzti hori frontoian egin dute, eta jendea oso gustura geratu da ikusitako erakustaldiekin. Festen amaiera ondo borobiltzeko, Lajaren doinuekin dantza egiteko aukera izango da bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!