«Nire maila ematea beste helburuik ez daukat»

Asier Imaz 2017ko urr. 6a, 12:18

Larunbatean Promozio Mailako Txapelketako partida jokatuko dute Urretabizkaia II.ak eta Peña II.ak, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 17:45etik aurrera. Lehen mailakoan, igandean Jakaren txanda izango da, Logroñon, 17:00etatik aurrera Victorren aurka.

Iñaki Artola astelehenean sartuko da txapelketan, Tolosako Beotibarren, Lasoren aurka. Partida hau 16:30ean jokatuko da. Baina bada eskualdeko beste pilotari bat lau t'erdian ariko dena: Jokin Altuna. Amezketarra final-laurdenetako ligaxkan dago. Txapelketaren aurkezpen ekitaldian hitz egin zuen Altuna III.ak.

Iaz, finala 22-21 galdu zenuen Bengoetxea VI.aren aurka. Aurten txapela bai?

Final-laurdenetan hasiko dut txapelketa, eta hor nagoela txapelaz hitz egitea oso zaila egiten zait. Iaz txapelketa ona egin nuelako jendeak faborito bezala ikusten nau, baina nik hortik aparte egon beharra daukat. Nirea egiten saiatu behar dut. Finalerdietara pasatzeko hiru partida jokatu behar ditut, eta hirurak oso zailak izango direla ikusten dut. Nire maila ematen saiatu behar dut, eta buruan hori bakarrik daukat.

Presiorik sentitzen al duzu?

Ez, batere ez. Lasai nago. Iaz lehen partidan egurra jaso nuen, eta jendeak ni izan ezik beste guztiak jotzen zituen faborito. Lasai ateratzen nintzen kantxara, eta horrek lagundu egiten zidan. Aurten ere lasai hartu behar ditut gauzak. Ondo nabilela pentsatzen dut, eta horrela segi nahi dut. Urtetik urtera ikasten joan beharra daukat, gogor entrenatuz. Txapelketa handi bat egiteko esperantzak dauzkat, baina txapela irabaztea oso zaila da. Hori gutxik lortzen dute. Nire helburuetako bat da, baina oraindik gaztea naiz.

Gehien gustatzen zaizun distantzia al da lau t'erdikoa?

Hirurak gustatzen zaizkit. Buruz burukoan oraindik ez nago hor goran, baina hiruretan sentitzen naiz gustura. Pilotari batek onenetakoa izan nahi baldin badu, hirurei heldu behar die gogo handiarekin. Zailtasunak dituen neurri horretan, topera saiatu behar da entrenamenduetan. Hori da nire motibazioa, eta horretan saiatzen naiz urte guztian.

Urrutikoetxea zure multzoan dago final-laurdenetan. Iaz egurra eman zizun.

Bai, egur ederra hartu nuen. Berak berea egin zuen, eta nik ez nuen nirea egin. Hala eta guztiz ere hori ahaztuta dago. Itsura onena ematen saiatuko naiz ni, eta ea aurten lan gehiago egiteko eta irabazteko aukera daukadan.

Tokatu zaizun multzoa zer iruditzen zaizu?

Oraingoz Mikel Urrutikoetxea eta biok gaude. Azpitik beste bi igoko dira, eta faborito garbiak Ezkurdia eta Artola direla ematen du, baina aurkari oso arriskutsuak dituzte. Pasatzen dena pasata ere, oso multzo gogorra izango da. Baina hori jakina zen, eta ez nau ezustean hartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!