Astean behin dago irekita egun Kutxabanken bulegoa Amezketan

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 5a, 10:29

Amezketarekiko konpromisoa «betidanikoa» dela eta «horrela izaten» jarraituko duela dio Kutxabankek.

2017 urtearen hasieran Kutxabankeko arduradunek, hasieran udalari eta gerora bezeroei, jakinarazi zieten otsailetik aurrera Amezketako Kutxabankeko bulegoa astean behin zabalduko zela, astelehenetan bakarrik, ostegunetako ordutegia bertan behera geratuz.

Neurri horrek herriko bezeroengan sortu zituen kezka eta kexak ikusirik, udalak, bitartekari lanetan, herritarrekin bilera bat antolatu zuen apirilean Kutxabankeko ordezkariek urtarrilean emandako azalpenen berri emateko, eta era berean, Kutxabankek bere bulegoaren bitartez eskaintzen duen zerbitzuaren inguruan hitz egiteko. Bilera horretara 23 herritar joan ziren.

Bilera hartan esandako guztiak jasota, Iñaki Amundarain alkateak Kutxabankeko Tolosako bulego nagusiko zuzendariarengana jo zuen, bileraren nondik norakoak idatziz emateko eta hitzez Amezketako bezeroen kezka eta kexak azaltzeko.

Hilabete batzuk pasa ondoren, joan zen irailaren 19an, Kutxabankeko arduradunek idatzi bat helarazi zioten Amezketako Udalari, eta bertan Kutxabanken herriarekiko konpromisoa «betidanikoa» izan dela eta «horrela izaten jarraitzeko asmoa» dutela adierazten dute.

Era berean, Amezketako biztanleen «finantza beharrak asetzeko eskaintza» mantentzen dute, herrian dagoen bulegoa astean behin irekiz, eta astearen gainontzeko egunetan, edozein intzidentzi izanda, Tolosako San Frantzisko bulegoan eta Alegiakoan.

Bulegoaren ondoan dagoen kutxazainari dagokionez, mantenuaren kalitatea hobetzeko konpromisoa hartzen dute, sor litezkeen intzidentziak ahalik eta azkarren konpontzeko. Kutxazainaren intzidentzi ugari elektrizitate instalazio arazoengatik izan dira azken hilabeteetan eta Kutxabankeko arduradunek diote koadro elektrikoa aldatu dela eta ordudanik ez dela intzidentziarik izan elektrizitate arazoengatik.

Amaitzeko, gutunean aipatzen da laster beharrezko telefono zenbaki guztiak bulegoko ate ondoan jarriko dituztela paneltxo batean, bezeroek eskuragarri izan ditzaten: Tolosako San Frantziskoko bulegoa, 943 01 27 68; Alegiako bulegoa, 943 57 57 51, eta Kutxabankeko zentraleko arreta zerbitzuko telefonoa, 901 33 55 66, azken hau 22:00ak arte zerbitzuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!