Gaueko parranda luzatuko da Ugarten

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 5a, 10:17

Aurten ere ingurutxoa egingo dute festetan.

Bihar hasi eta igandera arte Errosarioko Amaren jaiak ospatuko dituzte; zenbait berrikuntza izango dira, batez ere gauetan.

Hiru egunez festa giroa izango dute Amezketako Ugarte auzoan. Errosarioko Amaren jaiak ospatuko dituzte bihar hasi eta igandera arte. Aurten zenbait berrikuntza izango dira, festa batzordean gazteen presentzia handitu ondoren. «Beste urteetan izan da festa adin bateko jendearentzat, eta ordu jakin batetik aurrera bukatu egiten zen, hurrengo goizean ekitaldietara joateko. Hori luzatu nahi izan dugu eta gazteentzako ekitaldiak antolatu festak gauean jarraipena izateko», azaldu du Iñaki Arandia festa batzordeko kideak.

Batzordean aurten sartu den beste kideak, Bego Altunak, antolakuntza taldean izandako aldaketak azaldu ditu: «Alkatea etorri zitzaigun komentatuz ea jende berria sartuko ote zen batzordean, eta Ugarten gauden gutxiak sartu gara. Orain saiatu gara jende gazteagoengana edo jende gehiagorengana iristen. Ea nola funtzionatzen duen».

Hori horrela, ostiraleko eta larunbateko erromerien ondoren hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Biharkorako, adibidez, jokoak egingo dira eta posible da izena ematea egunean bertan. Berrikuntza ere izango dira karaokea, eta txokolate jatea eta baratxuri zopa. Larunbatean ere azken horiek izango dira eta jokoen ordez kuadrillen arteko sokatira desafioa izango da. Zortzinaka eman behar da izena eta antolatzaileak herriko zein herri kanpoko kuadrillak animatu dituzte parte hartzera.

Biharko herri afarirako ere aldaketak izan dira. Kasu honetan Ugarteko tabernakoek utzi egin diote aurten mondejuak presentzia handia zuen menua prestatzeari. Catering bitartez emango da afaria, eta 150 pertsona izango dira frontoian afaltzen. Beste aldaketa bat elkartea tarteka irekita egongo dela izango da, taberna moduan funtzionatzeko.

Bestela, ohiko ekitaldiak izango dira. Nabarmentzakoa da ingurutxoa, Ugarteko eta Bedaioko dantza berezia, beste behin dantzatuko dela azken egunean. Eta, noski, Laja trikitilaria ere bertan izango da. Hainbat hamarkada egin ditu bertako festetara urtero joanez.

 

EGITARAUA

Urriak 6, bihar

19:00. Kanpai jotze eta suziriak, jaiei hasiera emateko.

19:30. Bertso poteoa Angel Mari Penñagarikano eta Unai Mendizabalekin.

21:00. Herri afaria.

Ondoren. Izer eta Alabier trikitilariak. Atsedenaldian, toka lehiaketa.

Jarraian. Gaupaseroen arteko jolasak, eskorga karrera, bikrosa eta aulki jokoa. Goizaldera arte musika eta karaokea. Etxeratu aurretik txokolate jatea eta baratxuri zopa.

Urriak 7, etzi

11:00. Meza nagusia.

12:00. Gaztetxoen arteko pilota partiduak.

13:00-14:30 eta 15:30-19:00. Puzgarriak eta hainbat jolas. Arratsaldean zehar zaldian ibilalditxoak Ugarten zehar.

15:30. Mus txapelketarako izen ematea (bikoteko 10 euro, bikotekideetako bat herritarra izan beharko da).

16:00. Ugarteko Mus Txapelketa. Ondoren txokolate jatea elkarte aurrean.

21:00. Zahagi ardoa.

22:30. Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria. Atsedenaldian kuadrillen arteko sokatira desafioa.

Goizaldera arte. DJa eta karaokea. Oheratu aurretik txokolate jatea eta baratxuri zopa.

Urriak 8, igandea

11:00. Meza nagusia.

Jarraian . Txakolin dastaketa eta pintxoak plazan. Bazkal aurretik Lajaren trikiti saioa.

18:00. Herri kirolak: harri-jasotzen Jokin Eizmendi, eta aizkoran Ugaitz Mugertza eta Jon Irazu.

Ondoren. Ingurutxoa.

20:30. Sagardo dastaketa.

Festak amaitzeko, Lajaren trikitiarekin dantzaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!