Iker Karreraren marka hautsi du Javi Domingezek Tor Des Geants lasterketan

Ataria 2017ko irailaren 13a

Amezketarrak 2013an ezarri zuen errekorra, eta 70 ordu eta 4 minututan burutu zuen Tor des Geants mendi lasterketa. Javi Dominguez gasteiztarrak 2 ordu eta 16 minutu gutxiago behar izan ditu.

Europako mendi lasterketa ezagun eta gogorrenetariko bat da Tor Des Geants (Italia). Aostako bailaran egiten da, Alpeetan. Guztira, 330 kilometro inguru egin behar izaten dituzte korrikalariek, Courmayeur herritik abiatu eta toki berean amaitzen den ibilbidea osatzeko.

Bidea egiteko gehienez ere 150 ordu izaten dituzte, eta hasi eta bukatu artean indarrak berreskuratzeko 43 gune dituzte. Javi Dominguez izan da aurtengo irabazlea, eta duela lau urte Iker Karrerak ezarritako marka hobetu du, ibilbidea 67 ordu eta 52 minutuan eginez.

Faboritoetako bat zen hasieratik Dominguez, baina bazuen aurkaririk. Franco Colle italiarrak aurrea hartu zion lasterketako 205. kilometroan, eta bien arteko aldea hiru ordukoa izatera heldu zen Ollomont herri inguruan. Ordurako bi egun zeramatzaten korrika eta ia lorik egin gabe, eta italiarrak ezin izan zion nekeari gehiago eutsi. Horri esker, berriz ere lasterketa buru jarri ahal izan zen Dominguez, eta hala eutsi zion amaierara arte. Bigarren tokian, eta Dominguezengandik ordubete ingurura heldu da helmugara Oliveiro Bosatelli.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!