Alberdi, Osa eta Olaizola izan dira irabazleak

Ataria 2017ko irailaren 11

Osa eta Egiguren, jubenil mailako finalaren une batean. JOSU ARTUTXA

Jende ugari elkartu zen harmailetan XXVIII. Joxan Tolosa Txapelketaren finalak ikusteko. Kadeteetan Alberdik 18-2 irabazi zion Etxeitari, jubeniletan Osak 18-13 Egigureni eta nagusietan Olaizolak 18-16 Etxeberriari.

Larrunarri frontoia ohi bezala beteta izan zen atzokoan hiru finalak ikusteko, eta pilotariek erantzun zuten jokoarekin. "Egun borobila" izan zela azaldu du antolatzaile lanetan aritu den Xalton Zabala Zazpi Iturri pilota elkarteko kideak. Lehenengo partidak ez zuen emozio handirik izan, Zabalak azaldu duenez: "Alberdi joko handiarekin dabil, eta Etxeita urduri aritu zen eta aukerarik ez zuen izan".

Jubeniletan "partida ederra" ikusteko aukera izan zen. Egiguren erdira arte markagailuan agintzen joan zen, baina bigarren zatian Osa "indartsuago eta biziago" aritu zen, eta finala irabaztea lortu zuen.

Nagusietan "partida bikaina" ikusteko aukera izan zuten pilotazaleek. "Biek asko jokatu zuten, eta ikusleek hainbat tantotan txalo zaparrada eskaini zieten", esan du Zabalak. Etxeberria zen faboritoa, "baina Olaizolak oso joko ona erakutsi zuen, tantoak bukatzen dakizkiela erakutsiz".

Datorren urtean ere berriro txapelketa antolatzea espero dute Zazpi Iturritik. "Maila hauean jokatzen den buruz buruko txapelketa askorik ez dago", esan du Zabalak. "Oso kontsolidatuta dagoen txapelketa da, eta zaletuei gustatzen zaie".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!