Zazpi Iturriko pilotaririk ez da izango Joxean Tolosa txapelketako finalean

Ataria 2017ko irailaren 4a

Iazko txapelketaren finalen ondorengo argazkia, tartean txapeldun eta txapeldunordeekin.

Joxean Tolosa Txapelketako finalerdiak galdu dituzte Egigurenek eta Zabalak. Igande honetan jokatuko dira finalak, 17:00etan hasita, Larrunarri pilotalekuan.

Emaitzei begiratuta, kadeteetan, Alberdik 18-5 irabazi dio Urangari, eta Etxeitak 18-13 Larrazabali. Gazteetan Egigurenek 18-14 irabazi dio Muruari eta Osak 18-7 Zabalari (Zazpi Iturri). Nagusietan, Etxeberria izan da nagusi 18-5 Perezen aurka eta Olaizola 18-6 Egigurenen (Zazpi Iturri) kontra.

Esperotako emaitzak lortu dira, eta ezustekoa kadeteetan gertatu da. Izan ere, Etxeitak ordezko moduan jokatu zuen Oskozen partez, eta faborito zen Larrazabali irabazi zion. Zazpi Iturriko Zabala ez da iritsi bere unerik onenean finalerdietara, eta Egigurenek bidai batetik etorri berritan jokatu zuen partida.

Norgehiagoka oso interesgarriak izango dira finalean. Aipatzekoa da nagusietan elkarren aurka ariko diren Etxeberria eta Olaizola gertutik jarraitzen dituztela enpresa profesionalek. Sari banaketan Joxean Tolosa izango da eta ziurrenik ere Jokin Altuna bertan egongo da. Sarrerak 5 euro balioko ditu, 18 urtetik gorakoentzat. Ohi moduan, ikusle ugari izatea espero da igandean Amezketako pilotalekuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!