Zarateko lepoak ezkutatzen dituen istorio txikien bila

Ataria 2017ko abuztuaren 30a

Joxe Mari Oterminek Zarateren inguruko "mila eta bi istorio xume" kontatuko ditu datorren larunbatean, irailaren 2an, 12:00etan.

Bedaio eta Azkarateren arteko Zarateko lepoa estraperloaren edo mikeleteen istorioekin lotzen da. Ez da horrekin agortzen, ordea, Zaratek egiten duen eskaintza. Paraje hori istorio askori lotuta dago, eta horiek berritzea izango da hitzaldi horren helburua: "Istorio xumeak dira, bizitza zer den xuxen-xuxen erakusten digutenak. Zerrenda aski luzea da: amodioa, oinazea, samina, heriotza, apustua, lana, festa giroa..".

1522tik abiatu, eta 1812, 1831, 1880, 1894 eta 1907 urteetan barrena ibiliko da Otermin, istorio txikien bila: "Kontraesan handia du Zaratek bere zainetan. Batetik, eskatzen digu zentzumenak bizkortzeko, ernai edukitzeko, begia zabaltzeko, belarria tentetzeko, etab. Bestetik, zentzumen horiek moteltzeko, lozorroan uzteko.... Hori eginez gero, haizeak era guztietako istorioak ekartzen omen ditu Zarateko lepora. Isiltasuna eskatzen du istorio horien oihartzunak. Beraz, bozgorailurik gabe berrituko ditu kontu zaharrak Oterminek, larunbat eguerdian, Zaraten". 

Joxemari Otermin 1948an jaio zen, Amezketan. Loiolako Herri Irratian kazetaria izan zen, Euskadi Irratiaren sortzaileetako bat, eta baita EITBko Programa eta Miramongo Produkzio Zentroko Zuzendaria ere. Amezketari buruzko sei liburu inguru ere argitaratu ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!