Altuna III.a eta bere taldea, finalerdietan

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 25a, 12:05

Amezketan Joxean Tolosa Txapelketa jokatzen ari diren bitartean, Altuna III.a Bizkaia Torneoan ari da.

Bizkaia Torneoko finala nortzuk jokatuko duten jakiteko finalerdi bat bakarrik geratzen da erabakitzeko. Jokin Altuna eta Gorbeia taldeko bere kideak partida horietan egongo dira: Jon Jaunarena, Beñat Rezusta eta Julen Retegi. Hauen aurkariak Sollube taldeko pilotariak izango dira: Dario, Mendizabal II.a, Irribarria eta Irusta. Torneoko bigarren finalerdi hori igandean jokatuko da Zeanurin, 17:00etatik aurrera. Aurrena, lau t'erdian neurtuko dituzte indarrak Jaunarenak eta Mendizabal III.ak. Ondoren, binaka Altuna III-Rezusta irtengo dira kantxara, Irribarria-Irustaren aurka lehiatzera. Azkenik, kantxa osoan, Retegik eta Dariok jokatuko dute finalerdiko hirugarren puntua. Bi irabazten dituen taldea finalean egongo da. Bertan Anbotokoak daude zain: Bakaikoa, Bengoetxea VI, Albisu eta Victor. 

GANEKOGORTA VS. GORBEIA

Larunbatean jokatu zuen Barakaldon Altuna III.aren taldeak. Lau t'erdian, Jon Jaunarenak erakustaldia eskaini zuen Elordiren aurka. 0-1 hasi zen galtzen leitzarra, baina ondoren, jarraian 18 tanto egin zituen, 18-1 irabaziz kanporaketako lehen partida. Puntua, Gorbeiara. Ondoren, binakakoan, Altuna III-Rezusta erraz nagusitu ziren. Markagailuan zuloa azkar zabaldu zuten, eta aurkarien erreakzioa etorri zen arren, 22ra erraztasunez iritsi ziren. Bigarren puntu honekin Gorbeia finalerdietan zen, baina oraindik azken partida geratzen zen. Julen Retegik Erik Jakaren aurka kantxa osoan jokatu zuen. Lizartzarrak Ezkurdia ordezkatu zuen, eta 18-11 irabazi zion nafarrari. Hala eta guztiz ere, kanporaketa erabakirik zegoen.

ARTOLA ETA PEÑA II.A

Txapelketa berezi eta berritzaile honetan Iñaki Artola alegiarrak eta Peña II.a tolosarrak ere jokatu dute; baina bere taldea finalerdietatik kanpo geratu zen Anbotokoen aurka galdu ondoren. Artolak tanto bakarrez galdu zuen lau t'erdian Victor-en aurkakoa: 18-17. Binaka, Olaizola II-Imazek 13-22 irabazi zien Bengoetxea VI-Albisuri. Partida erabakigarrian, Bakaikoak Jon Ander Peñari irabazi zion buruz-burukoan: 18-15.

Bizkaia Torneoaren finala abuztuaren 22an jokatuko da Bilbon.

Ikusi hemen Joxan Tolosa txapelketako emaitzak.

Erlazionatuak

Joxan Tolosa txapelketako emaitzak

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 25 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!