Altuna III.a ezinean aritu da Olaizola II.aren aurka

Ataria 2017ko uztailaren 7a

Jokin Altuna eta Aimar Olaizola 2016an jokatu zuten lau t'erdiko txapelketa nagusiko partidan. ASIER IMAZ

Gaur eguerdian jokatu dute San Fermin jaien barruan, izen bera daraman lau t'erdiko txapelketako finala, jendez gainezka zegoen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Azkenean, 22-18, goizuetarra garaile.

1.400 ikusle inguru bildu dira gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan, lau t'erdiko San Fermin torneoko finala ikustera. Bero ikaragarria kanpoan, eta baita barruan ere. Bi pilotariek, partida borrokatua eta gogorra jokatu dute, intentsitate handikoa, eta beroak ere eragina izan du, batez ere bigarren zatian.

Hasieran, gauzak parekatuak joan dira, eta markagailuak ere horixe erakusten zuen. Altuna irabazten hasi bada ere, ez du lortu abantaila handitzea, eta hamarnako berdinketara arte, gauzak oso estu joan dira. Bitarte horretan ikusi ahal izan dira tantorik politenak, baita jokaldirik onenak ere. Egindako gehiago zituzten, galdutakoak baino.

Bigarren zatian, ordea, batetik Olaizolaren inspirazioak, eta bestetik beroak, min handia egin diote Amezketako pilotariari. 16-10 aurreratu da goizuetarra, eta Altuna 15-16 gerturatu bada ere, hortik aurrera ez du lortu markagailuan aurretik jartzea. Gainera, orduan, tantoak bukatzeko ideia gutxi izateaz gain, sakez bi falta egin ditu, eta horrelako opariekin, une honetan ez dago Olaizola gainditzerik.

Ondorioz, hamargarren garaipena jarraian Aimarrentzat, eta Altunari orain, binakako txapelketa irabazteko aukera geratzen zaio. Bihar izango du lehen partida, Zabaletarekin batera, Ezkurdia eta Rezustaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!