Azken lasterkariari animoak ematen

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 5a, 11:57

Arantxa Izagirre, eskuinean, Arantxa Agirre eta Nekane Ermina boluntarioekin, Amezketan. FELI INSAUSTI

Ehunmilak ultra-traileko boluntarioen zereginetako bat izaten da azken postuan doan parte hartzailea kontrolpean izatea. Lan hori egiten du Arantxa Izagirrek Tolosatik Larraitzera bitartean.

Lehenengo urtetik ari da parte hartzen boluntario bezala Arantxa Izagirre, Amezketan bizi den ordiziarra. «Niri beti gustatu izan zait kirola, eta mendian ibiltzea asko. Herrian ere badaki hori jendeak, eta komentatu zidaten Ehunmilak ultra-traila antolatzen ari zirela eta jendea behar zutela, eta ni segituan prest agertu nintzen», esan du Izagirrek. Hasiera batean herrian jartzen den gunean aritu zen, lasterkariei janaria eta edaria banatzen. Ondoren, esan zioten pertsona bat behar zutela erratz  lanak egiteko Tolosatik Larraitzeraino. Baiezkoa eman zuen, eta azken urteotan zeregin horretan dabil.

Bere lana Tolosako gunean hasten da. Bertan itxaroten diote handik ateratzen den azken lasterkariari. Gune hori larunbatean 14:00etan ixten da eta ordu hori baino lehen atera beharra du proban jarraitzeko. «Tolosako gune horretan galdetzen diogu jendeari ea jarraitu behar duen, eta horrela jakiten dugu zein izango den azkena, eta berarekin egiten dugu Larraitzerainoko bidea», argitu du Izagirrek. Antolakuntzak jakin beharra du zehatz-mehatz non doan eta nola doan proba egiten ari den azken parte hartzailea, eta horren ardura dute erratz lanean aritzen direnek.

Tolosatik Larraitzerainoko tartea egiteko bost ordu inguru igarotzen dituzte. «Batzuen asmoa izaten da Amezketarino iristea eta hor geratzea, eta orduan lasaiago joaten gara», esan du Izagirrek. «Ikusten badugu proba egiten jarraitu nahi duela, animatu egiten dugu, eta pixka bat aurretik jartzen gara erritmoa azkartzeko».

Denetariko egoerak tokatu izan zaizkiela dio Izagirrek: «Burua garrantzitsua da eta askotan gorabehera handiak izaten dituzte, eta edozein unetan proba bertan behera uzten dute». Tokatu izan zaie parte hartzaile bat leher eginda egon, bat-batean suspertu eta gero sekulako aurrerapena egitea.

Hartu-eman berezia
Beste boluntario batekin egiten du lana Izagirrek, eta azken partaidearen kontrola emateaz gain, balizak kentzeko ardura ere izaten dute. Probaren alde zailenetakoa bizitzea egokitzen zaie erratz lana egiten dutenei, lasterkari batzuk probatik kanpo geratzeko mugan egon daitezkeelako. «Esan izan digute urte guztian proba prestatzen aritu direla eta gero hankek huts egin dietela, ezinean dabiltzala».

Hartu-eman berezia ere sortzen da parte hartzaileekin egoera horietan: «Ze probetan parte hartu izan duten kontatzen dizute, adibidez. Azkenean lagun giroa sortzen da. Gainera, errepikatzen dutenak ere izaten dira atzealdean ibiltzen direnak, beraz beste urteetatik ezagutzen ditugu». Tarteka zenbait parte hartzailerekin garagardoren bat ere hartu izan dute, horiek proba Amezketan utzi eta gero.

Baina bestelako esperientziak edo anekdotak ere bizitu izan dituzte. Urte batean azkena zihoanak ez zuen nahi postu horretan egon eta alde egiten zien Izagirreri eta bere kideari. «Saiatzen zen aurreratzen, baina guk bere parean joan behar genuen eta azkenean pertsekuzio bat ematen zuen. Gero, partaide horren lagun batek komentatu zigun ez zitzaiola batere gustatzen azkena izatea, eta horregatik saiatzen zela gugandik ihes egiten».

Orokorrean jendeak asko eskertzen diete boluntarioei beraien lana. «Esan izan dute proba gutxitan gertatu zaiela horrelako jende jatorra tokatzea. Saiatzen gara jendea animatzen, datorren ibilbidea nolakoa den azaltzen, eta eskertzen dute pila bat. Azken finean, gu laguntzeko prest gaude».  

Proban parte hartzen dutenek «sekulako inbidia» ematen diela esan du Izagirrek, baina ez du bere burua ikusten Ehunmilak egiten. «Dedikazio handia behar da horrelako proba baterako. Familia duzunean oso zaila da, ondo prestatzeko ordu asko sartu behar dituzulako, asteburuak erabili, gauez entrenatu...». Korrikalariekin duten hartu-emana «oso aberasgarria» dela dio, eta oraingoz, boluntario lanak egiten jarraitzeko asmoa du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!