Jokin Altunak Joseba Ezkurdiari 22-13 irabazi zion igandean, Sopelan. Lau t'erdiko San Fermin Txapelketako finalerdia zen, eta irabazleak Aimar Olaizolaren aurka jokatzeko aukera izango zuen, hilaren 7an, Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Altuna III.ak aste osoa osasun arazoekin pasatu zuen, eta iganderako zalantza zen. Sopelan jokatzeko moduan azaldu zen, ordea, eta markagailuan segidan hartu zuen aurrea, 3-11 jarriz. Tantoak azkar bukatu nahi zituen Jokin Altunak, eta horretan fin ibili zen. Ondoren Ezkurdiaren erreakzioa etorri zen, eta sei tanto jarraian eginaz, 9-11ra hurbildu zen Sakanakoa. Mamuak azkar uxatu zituen, ordea, Altuna III.ak. Ezkurdiaren hutsez eta bere tantoez baliatuz berriro ere markagailuan zuloa zabaldu zuen.
Aimar Olaizolak finalerdietan Mikel Urrutikoetxea kaleratu zuen, 22-16ko emaitzarekin. Aurten, lau t'erdiko txapelketan, Jokin Altunak Aimar Olaizolari 22-13 irabazi zion finalerdietan. Baina ostiralekoa finala izango da, eta Olaizola II.a txapeldun handia denez, ez ditu gauzak erraz izango amezketarrak.
Uztailaren 7ko pilota jaialdia 11:30ean hasiko da Iruñeko Labrit pilotalekuan, festa giro nabarmenean. Lehen partidan Iñaki Artola alegiarrak jokatuko du, Ander Imaz oiartzuarra atzean duela. Hauen aurkariak Elezkano II.a eta Merino II.a izango dira. Ondoren hasiko da lau t'erdiko finala, San Fermin Txapelketakoa.