Mahai bueltan jolasean

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 30a, 08:53

Euskal Herrian, orain artean, ez da egon ohitura handirik mahai jokoetan aritzeko, eta, behar horri segika, Jolasenea taldea sortu dute Antzuolan, joko mota horiek zabaltzeko asmoz.

Urte hasieran jarri zuten martxan Jolasenea taldea, Antzuolan. Azken urteotan hainbat lagun aritu dira mahai jokoetan, baina inguruan horrelako jokoetan aritzeko ohiturarik ez zegoela ikusi zuten, eta joko horiek zabaltzea ideia ona izan zitekeela pentsatu zuten. Abiapuntu horretatik sortu zuten taldea. “Mahai jokoetan aritzen den jendea ezagutu nahi dugu, eta, bide batez, ahal dugun neurrian joko hauek zabaldu”, azaldu du Joseba Goikoetxea Jolasenea taldeko kideak.

Mahai jokoak aipatzean, eurogames direlakoez ari dira hizketan Jolaseneko kideak. Alemanian sortutakoak dira asko; hogei urteko eskarmentua dute han. “Jokoen inguruko kultura handiagoa dago han”, argitu du Goikoetxeak. “Ez dakit klimarengatik ote den, baina han ohitura handiagoa dago etxeetan jolasteko. Joko pila bat sortzen dituzte urtero”. Estrategia jokoak izaten dira gehienak. Baina, horiez gain, badaude partymotakoak ere; hau da, Trivial jokoaren antzekoak, galderak erantzutekoak eta hainbat proba egitekoak. Gerra jokoak ere badauzkate, eta azpitalde bat osatzen dute horiek.

“Estrategia jokoetan norberak diseinatu behar izaten du modua besteek baino puntu gehiago lortzeko”, adierazi du Jolaseneko kideak. “Trenbideak eraikitzeari buruzkoa izan daiteke jokoa, edo Puerto Ricoko portuan tabakoa eta rona esportatzeari buruzkoa. Denentzako aukera dago”. Catan, Carcassonne eta Dixit dira jokorik ezagunenak, eta horiek sustatzen ari dira Jolasenean. “Duela hogei urtetik ari gara jolasten joko horiekin”. Goikoetxearen hitzetan, ezagunak izateaz gain, “nahiko erosoak” dira esplikatzeko eta jokoa berehala ulertzeko. Monopoly-ren gisako jokoekin antza eduki dezaketela uste du Goikoetxeak. “Baina irabazteko botere handiagoa izatea eta besteari kalte egitea sustatzen du Monopoly-k, eta dadoen esku dago jokoaren zatirik handiena”.

Abileziak lantzen

Taldekako jokoak ere badaudela dio Goikoetxeak, eta horrek jendea ezagutzeko aukera ematen duela. Esaterako, La Resistencia izeneko jokoa aipatu du: “Bi talde egiten dira, gaiztoena eta txintxoena. Txintxoek harrapatu egin behar dituzte gaiztoak, eta horiek gezurra esan behar dute defendatzeko”. Joko horretan hainbat abilezia lantzen direla azaldu du: “Jendeak, gezurretan ari denean, nola jokatzen duen, edo egia esaten duenari sinesten ez zaionean gatazka hori nola kudeatzen den. Gizarteratzea lantzen da joko horien bidez”.

Motrizitatea lantzen da beste joko batean. Egur zati txikiz egindako dorre batetik zatiak kenduz joan behar da, dorrea erori gabe. “Joko horietan talde lana lantzen da asko”, azaldu du Goikoetxeak. “Denen artean lortu behar da jokoa irabaztea, eta jokoak berak oztopoak jartzen ditu hori ez lortzeko. Zurekin jokatzen ari direnekin hitz egin behar duzu helburu bat lortzeko”. Estrategia jokoetan jokalariek burua une oro aktibo edukitzen dutela gaineratu du. Euskal Herrian ere lor daitezke joko mota horiek, eta Catan jokoa, adibidez, euskaraz argitaratuta dago. “Carcassonneren kasuan ere, azalpenak irakurri ondoren, nahi den hizkuntzan jolas egin daiteke gero; jokalarien araberakoa izaten da hori”.

Jokoen helburu nagusia ez bada ere txapelketak sustatzea, Jolaseneko kideek pentsatu zuten bide hori egokia izan zitekeela zaleak elkartzeko. Catanek eta Carcassonnek dute arrakasta handiena, eta bi joko horien txapelketak antolatu berri dituzte Antzuolan, maiatzean. Hamasei pertsona elkartu ziren txapelketa bakoitzean, eta datorren urtean ere bi joko horien inguruan antolatuko dituzte lehiaketak. Maiatzean irabazle izan zirenak “estatu mailako txapelketan” lehiatuko dira, eta horko irabazleak, ondoren, Munduko Txapelketarako sailkatuko dira.

Aurrera begira, Youtuben kanal bat sortzea ere badaukate asmoen artean, zenbait jokoren ezaugarriak euskaraz zabaldu ahal izateko. “Horrelako jokoak eskuratzean, hasieran pixka bat kostatzen da jokoa ireki, azalpenak irakurri eta horiek ulertzea. Hori erraztu nahi dugu guk, eta horrela ea jende gehiago animatzen den jolastera”. Hain zuzen ere, horretarako egin nahi dituzte bideoak. Antzuolako eskolan ere badaukate asmoa mahai jokoak zabaltzeko. “Badago joko bat marrazki asko dituzten dadoekin osatutakoa. Hamar bat dado bota behar izaten dira, eta istorio bat osatu behar izaten da ateratzen diren irudiekin”. Eskoletan horrelako jokoak baliatzea proposatu nahi dute Jolaseneko kideek.

Familia giroa sustatzeko

Bideo jokoek gero eta indar handiagoa duten gizarte honetan, joko bakoitzak bere lekua duela uste du Goikoetxeak: “Bideo jokoak ondo daude, baina horiek eman ezin dezaketen zerbait eskaintzen dute mahai jokoek; hala uste dut, behintzat. Familia giroan elkartzeko momentu horiek galtzen ari gara. Egun, norberaren pantailari begira egoten da bakoitza, eta oso gutxi hitz egiten dugu”. Mahai jokoak sustatuta familia giroa “hobetu” daitekeela uste du Goikoetxeak. “Bestelako harremanak lantzen laguntzen du. Afaldu ondoren telebistako zein kate jarri eztabaidatu ordez, mahaian eseri eta partida bat joka daiteke”.

Mahai jokoen mundua gertuagotik ezagutu nahi duena Facebook orrialdea baliatuta edo posta bidez jar daiteke harremanetan Jolaseneko kideekin: jolasenea @gmail.com helbidera mezua bidalita. Guztiei gonbita egin die Goikoetxeak: “Edonork mahai jokoren bat probatu nahi badu edo mundu hori ezagutu nahi badu, dakiguna eta daukaguna erakutsiko diogu guk”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!