«Ardi latxa esnearekin oso gazta urdin gutxi egiten da»

Iñigo Terradillos 2017ko ekainaren 28a

Ardi gaztarekin eginiko Idiazabal izendapeneko gaztak, naturalak eta ketuak, eta gazta urdinarekin, batik bat, izaten da larunbatero Amezketako Larte baserriko Arantxa Garaiburu Tolosako azokan. Hain justu, gazta urdinarekin saritua izan da Erroman egin berri den gazta lehiaketan.

Zein sari eskuratu duzue?
Bigarren postua eskuratu dugu ardi gaztarekin eginiko gazta urdinarekin.

Hasiberriak zarete gainera, gazta mota horrekin, ezta?
Ardi latxaren esnearekin gazta urdin gutxi egiten da, eta guk denbora gutxi daramagu mota horrekin lanean, beraz, oso pozik gaude sariarekin. Oraindik asko dugu ikasteko eta hobetzeko, baina, saria ondo egiten ari garenaren seinale da.

Italian bertan jaso duzue saria. Nolako esperientzia?
Oso ona. Italian gazta mota ugari egiten dute, eta hori ikusita guk ere mota gehiago egiteko aukera badugula jabetu gara.

Gazta mota hori egiteko prozesua nolakoa da?
Guk egiten dugun gazta arrunta moztean berotu egiten da, eta prensan sartu, baina hau ez. Granuaren azala sikatu behar izaten da, eta gero zuzenean moldeetara pasa. Zulatu egin behar da, gazitu eskuz... Bestea baino konplexuagoa da.

Nolatan hasi zarete gazta horrekin lanean?
Ikasten aritu ginen, eta praktikan jarri berri dugu, ezin baituzu gazta mota batekin bakarrik geratu. Erosleei aukera gehiago eman behar zaizkie. Guk dugun esnearekin gauza gehiago egin daitezkeela erakutsi behar da.

Nolako harrera du gazta urdin horrek?
Uste baino hobea. Jendeari gustatu zaio. Beste gaztekiko oso desberdina da. Gazta urdin gehienak behienak izaten dira, eta beste testura bat izaten dute. Badago bereziki gazta hori erostera etortzen zaigun jendea.

Azken 8-9 urteak daramatzazu Tolosako azokan. Zer moduz?
Ondo. Guretzat ohitura bilakatu da, eta larunbat batean huts egiten badugu, faltan botatzen dugu. Tolosakoan izaten gara larunbatero, eta bestela azoka berezietan ere jartzen dugu gure postua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!