Eskriman bidea zabaltzen

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 27a, 09:57
Janitz eta Euken Fernandez Sagastibeltza anaiak, azkenaldian lortutako hainbat sarirekin. IMANOL GARCIA LANDA

Janitz eta Euken Fernandez Sagastibeltza amezketar anaiek eskrima egiten dute, eta emaitza oso onak lortzen dituzte, hurrenez hurren, infantil eta benjamin mailetan.

Eskrima ez da kirolik ohikoena haurren artean, baina horrek ez du esan nahi eskrimalari gaztetxorik ez dagoenik. Horietako bi dira Janitz eta Euken Fernandez Sagastibeltza amezketar anaiak. Janitzek aurten 13 urte egingo ditu eta infantil mailan aritzen da. Eukenek 10 urte egingo ditu aurten eta benjamin mailan aritzen da.

Txikiena izan zen aurrena eskriman aritzen. «Eukenek txikitatik izan du joera edozein gauza ezpata bihurtzeko, berdin tenedorea edo koilara bat», esan du Garbiñe Sagastibeltza amak. «Halako batean okurritu zitzaidan eskrima nolakoa zen begiratzea eta non zegoen hori praktikatzeko aukera».

Donostiako Pio Baroja kiroldegian ezagutu zuten Igor Otaegi prestatzailea. Euken bost urterekin hasi zen eskriman, baina berez ez zituen hain gazteak hartzen Otaegik. «Esaten zigun diziplina zuten haurrak behar zituela eta bost urterekin haurrek ez dutela oraindik diziplina», dio Sagastibeltzak. Azkenean hilabeteko proba egitea adostu zuten eta dagoeneko lau urtez dabil Euken eskrima praktikatzen. Janitz ere interesatu zen kirol horretan, bere anaia praktikatzen ikusita eta orain bi urte eman zuen izena.

BESTEARI SABLEAREKIN UKITZEA

Eskriman biren arteko lehia jokatzen dute. Puntu kopuru jakin bat lortu behar da irabazteko, eta lehiaketa motaren arabera aldatzen joaten da kopurua. Puntua lortzeko aurkaria ukitu behar da sablea edo ezpatarekin. Ez du edozein lekutan ukitzea balio, gerritik behera izanez gero ez baitu kontatzen.

Jantziak bere bereizgarriak ditu: kareta eramaten dute buruan, sabletik babesteko. Barrutik peto bat ematen dute eta gainean jaka bat; galtza eta galtzerdiekin osatzen da jantzia. Lehiaketan ari direnean, jaka elektrikoa janzten dute. Kable bidez konektatuta daude bai jaka eta baita ezpata ere, eta besteari ukitzerakoan argia egiten du eta tantoa eskuratu.

Jendeak jakiten dutenean eskriman aritzen direla, kuriositatea sortzen du, eta kirola nola den eta arauak nola diren galdetzen diete.

Gipuzkoan bi leku daude eskrima praktikatzeko. Horietako bat da bi amezketarrak joaten diren Pio Baroja kiroldegia, Donostian. Beste lekua Irunen kokatzen da. Astean bi egunez joaten dira, ordubetez.

Sagastibeltzak prestatzailea goraipatu du. Estatuan zehar ibiltzen direnean txapelketa eta torneoetan, «ikusten dugu denek ezagutzen dutela, bai beste prestatzaileek eta baita epaileek ere. Estatuan erabakitzen diren gauza asko Igorrek erabakita dira. Beraz, pisu handia du eskriman».

Prestaketa ez dela hain gogorra diote eskrimalariek; hori bai ariketak asko errepikatu behar izatea ematen dio gogortasuna. «Lehenengo, berotzeko brillet egiten dugu eta gero hasten gara posturak egiten, azkartasuna lantzen», esan du Eukenek. «Batzuetan aspergarria egiten da ariketak errepikatu behar izatea», esan du Janitzek, «baina gero lehiaketan bere emaitza izaten du. Azkenean, gauza bat ondo menperatzen baduzu, errazagoa izango da gero mugimendua hori hobeto egitea lehiaketa batean».

Hainbat ezaugarri kontuan hartu behar dira lehian aurrean izateko. Batetik, pistan aurrera eta atzera egiterakoan, hanka gogor eta azkarrak behar dira. «Bestea zu baino azkarragoa baldin bada, harrapatu egingo zaitu eta tantoa egingo dizu», esan du Janitzek. «Besoa paradatan ondo jarrita izan behar da ere, bestela gaizki jarrita baduzu, errazago ukitu egingo zaituzte».

Oreka ere garrantzitsua da. «Atzeraka joaterakoan azkar joan behar duzu, aurkaria ere azkar joango delako. Eroriz gero, puntua berriz hasten da eroritako lekutik eta horrek pistan leku gutxiago uzten dizu», zehaztu du anai zaharrenak.

Horrez gain, kontzentrazioa ere oso garrantzitsua da. «Lehiaketan askotan arreta joaten bazaizu, gero gaizki ateratzen da eta partida galdu dezakezu», esan du Eukenek. «Kontzentratuta bazaude, gauzak zu nahi bezala ateratzen dira», gaineratu du Janitzek.

GOI MAILAN

Azken asteotan hainbat txapelketa jokatu dituzte bi anaiek. Euken Espainiako Txapelketan bigarren geratu berri da, eta iaz txapeldun geratu zen.

Bere aldetik, Janitz Espainiakoan ez zuen lortu esperotako emaitza: «Oso ondo hasi nintzen, baina gero behatzean jo zidaten, eta nuen urduritasunari kolpea gehitu eta pixka bat zorabiatu egin nintzen. Kontzentrazioa galdu nuen lehen kanporaketan kolpe hori jasotzean, eta azkenean 10-9 galdu nuen».

Frantziako Txapelketan izan berri dira eta han hirugarren egin dute biek. Bartzelonako torneo batean zortzigarren eta Huescako beste batean hirugarren egin du Janitzek.

Beraien klubeko beste kideek ere antzeko emaitzak lortzen dituzte. «Frantzian oso maila altua dago, eta bertatik hirugarren postua lortuta etortzea esan nahi du ondo prestatzen dituela Igorrek», esan du Sagastibeltzak. Orain denboraldia bukatu dute, eta iraila arte atseden hartuko dute. Bai Janitzek eta bai Eukenek aurrera begira eskrima praktikatzen jarraitzeko asmoa dute.

Sagastibeltzak garrantzia eman dio ere kirol horretan izaten den giroari: «Guretzako aurkikuntza bat izan da. Ikusi dugu oso kirol polita dela. Eta hor bai betetzen dela diziplina, hezkuntza, lehiakortasuna, konstantzia, eta ikusten da prestatzaileek bokazioa dutela».

Galtzen bada, egoera horretan ere «dotore» izaten erakusten dietela nabarmendu du Sagastibeltzak: «Onartzea egun horretan bestea hobeago aritu dela, purrustadarik egin gabe. Ikasi non egin den akatsa eta zer egin behar den hori hobetzeko. Aurkariarekiko errespetua lantzen da». Gurasoen aldetik ere horrelako jarrerak ikusten ditu Sagastibeltzak: «Irabazten ohituta daudenak eta egun horretan galdu egiten badute, purrustaka jarri eta gurasoek ere ez dute ondo ikusten hori, ez da onartzen hori». Gainera, puntua galdu daiteke keinu txar bat egiteagatik, adibidez kareta lurrera botatzeagatik.

Askotan komentatu izan diote eliteko kirola ote den eskrima, eta hori gezurtatu du Sagastibeltzak: «Urtearen hasieran ordaintzen dira 200 euro inguru eta ez dugu gehiago ordaintzen. Materiala ere ez da garestia eta asko irauten du, besteak beste, arropak oso indartsuak direlako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!