Etxebizitzen sustapen berria Larraitz bidea eremuan

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 22a, 10:58
Larraitz Bideak 2008an zuen itxura.

Hamabi etxebizitza eraikiko ditu Amezlan 2007 S.L. enpresak, udalarekin hitzarmena sinatuta.

Amezketako Udalak eta Amezlan 2007 S.L. enpresak hirigintzako hitzarmen berri bat sinatu dute Amezketako Larraitz bidea eremuan etxebizitza berriak eraiki ahal izateko.

Aurrekari moduan gogoratu behar da Amezlan 2007 S.L. enpresak Hirigintza Jarduera Eremua 4.1 Larraitz bidea eremuaren zati baten jabetza zuela eta egun indarrean dauden Amezketako arau subsidiarioen arabera bertan 12 etxebizitza tasatu eraikitzeko aukera aurreikusten dela. 2007. eta 2010. urteetan saiakerak egin ziren etxebizitza tasatu horiek eraikitzeko baina ez zuten behar adina herritarrek izena eman etxebizitzak erosi eta eraiki ahal izateko.

Oraingoan, ordea, eta aipatutako hirigintzako hitzarmenaren bitartez, berriro eremu horretan etxebizitza berriak egiteko aukera bultzatu nahi da, baina hauek ez lirateke tasatuak izango baizik eta etxebizitza libreak. «Aldaketa honen arrazoia da etxebizitzen prezioak eskualde honetan merkeagoak direla krisia aurreko prezioekin alderatuz, eta dagoeneko etxebizitza librea tasatuen prezioetan dagoela, eta hortaz, ez duela konpentsatzen tasatu batek dituen baldintza eta mugak mantentzea», adierazi dute Amezketako Udaletik. «Azalpen honetatik ondorioztatzen da eraiki nahi diren etxebizitzen prezioak tasatuak baino merkexeagoak izango direla».

Halere, etxebizitza mota eta prezioa alde batera utzita, udalak bai eskubidea gorde duela Amezketako zenbait pertsonei lehentasuna emateko. Horrela, erosleek bete beharko lituzketen ondorengo irizpide eta lehentasunak onartu ditu. Irizpideari dagokionez, azken 5 urteetan Amezketako udalerrian urtebetez erroldatuta egotea, 2017ko urtarrilaren 1eko data aintzat hartuta.

Lehentasunei dagokionez, ondorengo giza taldeek lehentasuna izango dute bata bestearen ondoren: 35 urte baino gutxiago dituzten gazteak; 55 urte baino gehiago dituztenak eta beren ohiko etxebizitzara iristeko igogailurik ez izatea; 55 urte baino gehiago dituztenak eta beren ohiko etxebizitza Amezketako landa eremuan egotea. Gizatalde bakoitzean eskaera bat baino gehiago egongo balira, zozketaz erabakiko da lehentasuna ezartzeko ordena.

Udala eta sustatzailearen artean adostutako arrazoizko epe bat pasata irizpide hauek betetzen dituzten erosleak agertuko ez balira, orduan herritar guztiei zabalduko litzaieke etxebizitzak erosteko aukera, eta beranduago, Amezketatik kanpoko edozein pertsonak erosi ahal izango luke etxebizitza bat.

Amezketako Udalak behar diren izapideak burutzen dituen bitartean, Amezlan 2007 S.L. enpresak dagoeneko abian jarriko du etxebizitzen komertzializazioa eta horretarako diptiko bat zabaldu du herrian, eta aurreko hitzordu sistema bat ezarri du herritarrak artatzeko eta etxebizitzen planoak, prezio zehatzak eta kalitateak azaltzeko.

Sustapenaren informazio zehatza jaso ahal izateko eta hitzordua eskatzeko 631 151 973 eta 672 168 876 zenbakiak eta amezlan2007@gmail.com helbide elektronikoa daude herritarren eskura. Behin informazioa sustatzaileengandik jasota, herritarren batek interesa agertuko balu etxebizitza bat eskuratzeko izena eman beharko dio Amezlan 2007 enpresari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!