Hondakinak egoki sailkatzeko eskaria herritarrei

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 14a, 12:43

Azken hilabeteetan Amezketan zehar zenbait herritarren jarrera desegokiak ikus ahal izan dira hondakinak edukiontzietan botatzerakoan eta sailkapena modu egokian egiterakoan, udaletik azaldu dutenez. Hori dela eta, alkateak zaborren inguruko bandoa argitaratu du eta herriko etxe guztietan banatu da egun hauetan.

Udalak jarrera desegoki horien zenbait adibide eman ditu. Esaterako, edukiontzi horira joan beharko liratekeen hondakinak errefuxako edukiontzian botata agertu dira, organikora joan beharko luketen zenbait janari hondar edukiontzien kanpoan azaldu dira edota zuhaitzen adarrak pilatuta eta gainezka eginda ikus ahal izan dira errefuxako kuboan. «Jarrera hauek ez datoz bat hondakinen bilketa txukun eta egoki batekin», zehaztu da udal bandoan.

Hori horrela, Amezketako Udalak egoki ikusi du amezketarrei gogoraraztea edukiontzien erabilera desegokia «ez dela onargarria», birziklapenaren helburuak lortzeko «oztopo larri bat» delako eta gainontzeko herritarrei eragozpenak sortzen dizkietelako: zikintasuna, usain txarrak... «Guztion onerako edukiontzi bakoitza zertarako den errespetatu egin behar da», azpimarratu nahi izan die udalak herritarrei.

Amezketako udalerrian hondakinen tratamendua hobetzeko azken urte hauetan «urrats asko» eman direla gaineratu dute udaletik: «Horretarako, zenbait eremuetan edukiontzi desberdinak jarri dira gaikako bilketa sustatzeko eta ahal den zerbitzu garbiena eta txukunena eskaintzeko amezketarrei». Eta bandoan adierazten den moduan, amezketarrek «orokorrean ondo erantzun diote gaikako bilketari eta horren lorpenetako bat da Amezketako zaborren udal tasa Gipuzkoako herrietako baxuenetakoa izatea, geroz eta gehiago sailkatzen eta birziklatzen bada udalak ordaindu beharrekoa berreskuratu egiten delako».

Bandoan ere adierazten da Amezketako Udalak, Tolosaldeko beste herriekin batera, etxeko eta merkataritzako hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza orokor bat duela onartuta, eta bertan Amezketako Udalak arau-hausteak bideratzeko eta zigortzeko ahalmena duela jasotzen dela, aipatu zerbitzua ez bada erabiltzen edo modu desegokian erabiltzen bada.

Azkenik, bandoan dei bat egiten da herritar bakoitzak bere ekarpena egin dezan hondakinen sailkapena ondo egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!