Desfibriladorea erabiltzeko ikastaroa antolatu du udalak

Ataria 2017ko ekainaren 8a

Amezketako Udalak kanpoko desfibriladore automatiko bat eskuratu du Larrunarri pilotalekuan jartzeko, eta ikastaro bat antolatu du aparatua erabiltzen ikasteko.

Aparatu hau ohikoa bihurtu da hainbat herrietako eremu publikoetan (merkataritza establezimendu handiak, kirolguneak, hiriguneak…) eta pertsona batek bihotzeko bat sufritzen duenean erabiltzen da bihotzaren erritmo bideragarria berrezartzeko.

Desfibriladorearen erabilpena zaila ez bada ere, beharrezkoak dira oinarrizko ezagutza batzuk bere erabilpenerako. Ezagutzarik gabe erabiltzea mesede baino kalte egin dezake egoera larri batean. Horregatik udalak ordubeteko ikastaro laburra antolatu du desfibriladorearen erabilpen zuzena ikasteko, herritar guztiei irekia.

Ikastaro labur hau ekainaren 20an egingo da kultur etxeko areto nagusian, 18:00etatik 19:00etara, eta saioa Amezketako osasun zentroko medikuak eta erizainak emango dute. Ikastaro hau ondo antolatze aldera, egitera animatzen diren herritarrek izena eman beharko dute udaletxean ekainaren 16a bitarte, bertaratuz, telefonoz edo emailez. Udaletik herritarrak animatu dituzte bizitzak salba ditzakeen desfibriladorea erabiltzeko ikastaroan parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!