Kultur etxean wifi librea jarri eta argiteria berritu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 8a, 13:30

Abiadura azkarrean nabigatu ahalko da doan Interneten; zenbait eduki mugatuta egongo dira.

Amezketako Udalak azken asteetan bi berrikuntza egin ditu kultur etxean. Batetik, edonorentzako wifi bidezko Interneterako sarbide librea jarri du eraikin osoan, eta bestetik, eraikin guztiko argiteria berritu du, led motakoa jarriz.

Wifi sistemari dagokionez, edozein herritarrek smartphone mugikor bidez edo ordenagailu eramangarriaren bidez Interneterako sarbide librea izango du, abiadura azkarrean. Internet bidez ikus daitezkeen edukiei dagokienez, muga bakarra «helduentzako web orri desegokiak ikusteko aukera eza eta pelikulak jaisteko aukera eza», izango da, udaletik azaldu dutenez. Baliabide honen bitartez, udalak uste du kultur etxeko aretoan antolatzen diren zenbait ekintzetan Interneta erabiltzea ahalbidetzen dela, eta liburutegian, aldiz, kontsultarako nahiz etxeko lanak egiteko erraztasun bat jartzen zaiela herritarrei.

Eraikinaren argiteriari dagokionez, udalak 7.000 euroko inbertsioa egin berri du, eta horren bitartez 174 argi puntu aldatu ditu kultur etxean, hauetatik 60 hodi bidezko argi puntu eta 114 lanpara, denak led teknologiakoak. Aurreko argiak fluoreszenteak eta halogenoak ziren eta orain jarri direnak led izatean, argiztapena hobetu ez ezik, aretoan batik bat, argindarraren kontsumoa ere asko gutxitzen da, eta beraz, argiaren faktura ere. Horrela, espero da egindako inbertsioa gehienez hiru urtetan amortizatzea eta urtero 16.000 kw gutxiago kontsumitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!