Aurtengo Amezketako Mendi Asteari gaur emango diote hasiera eta lau hitzaldi-solasaldiz osatuta egongo da. Buruntzunzin Mendi Elkarteak antolatu du ekimena, eta hainbat gai jorratu nahi izan dituzte bertan, mendizaletasuna, abentura eta bidaia uztartuz.
Gaurkoan Alberto Iñurrategi mendizalea izango da eta Porrotaren alde ikus-entzunezkoa eskainiko du. Mendi garaietan eskarmentu handikoa da Iñurrategi eta beti izan ohi da interesgarria mendizaletasunari buruz esatekoa duena.
Gentzane Golzarrirekin solasaldia izango da biharko antolatuta dagoen emanaldia. Egun 62 urte ditu Golzarrik eta 20 urte zituela hasi zen eskalada munduan murgiltzen. Bere bizipenak azalduko ditu argazkiekin lagunduta.
Aste honetako hitzaldiak bukatzeko, ostiralean Lander Egia tolosarrak herritik Tokiora egindako bizikleta bidezko bidaia kontatuko du. Bizipen ugariko kontakizuna izango da solasaldi hau ere.
Azkeneko hitzaldia ekainean izango da, eta Josu Iztuetaren bidez iritsiko da. Biziminez izeneko dokumentala erakutsiko du. Antton Arza eta Josu Iztueta bera dira ikus-entzunezkoaren protagonistak.
Bestalde, Mendi Astearekin bat eginez eta iaz irekitako bideari jarraituz, larunbatean II. Eskuzko Paxaka Txapelketaren finalak jokatuko dira Ugarteko frontoian.
Egitaraua
Maiatzak 23, gaur
20:00. Porrotaren alde, Alberto Iñurrategirekin, kultur etxean.
Maiatzak 24, bihar
20:00. Emakume alpinista baten bizipenak, Gentzane Golzarrirekin, kultur etxean.
Maiatzak 26, ostirala
20:00. Tolosatik Tokiora bizikletaz, Lander Egiaren eskutik, kultur etxean.
Ekainak 7, asteazkena
20:00. Biziminez, Josu Iztuetarekin, kultur etxean.
Maiatzak 27, larunbata
11:30. Ugarteko frontoian, II. Eskuzko Paxaka Txapelketaren finalak.