Ugarte auzoko zeharbidean, segurtasuna hobetzeko lanak

Ataria 2017ko mai. 3a, 12:00

Ugarte auzoaren ondotik igarotzen den GI-2133 errepidean egingo dira obrak, bide segurtasuna hobetze aldera. IMANOL GARCIA LANDA

Lanak datorren astelehenean hasiko dira, foru aldundiak finantzatuta; besteak beste, pasabidea jarriko da errepidearen bi aldeko autobus geltokiak lotzeko

Maiatzaren 8an hasiko dira Ugarteko zeharbidean, GI-2133 errepideko 15,3 kilometro puntuan, bertako bidegurutzearen bide segurtasuna hobetzeko lanak. Lan hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen ditu, aurrekontua 108.000 eurokoa izanik. Construcciones Otegi-Gaztañaga SL. enpresak burutuko ditu lanak eta horretarako zortzi asteko epea dute.

Lanei dagokionez, batetik, oinezkoentzako pasabidea jarriko da, horrela errepidearen alde bateko eta besteko autobusaren geltokiak elkartuz. Bi irlatxo eraikiko dira errepidearen erdian eta oinezkoen pasabidea tartean geratuko da. Pasabide honek semaforo botoiduna izango du eta ondo argiztatuta egongo da. Bestetik, bidegurutzearen iparraldera eta hegoaldera trafikoa arintzeko irlatxo luze bana jarriko dira, Amezketako herrigunearen sarreran dagoen antzekoa.

Azkenik, aipatu, bidegurutzean zortzi bat metrotako farola berria jarriko dela, bidegurutzea ondo argiztatzeko, Amezketako herrigunean jarri berri direnen antzekoa. Esku hartze guzti honetan dagozkion seinale bertikal eta horizontalak jarriko dira eta hauen helburua abiadura 70 km/h eta 50 km/h balioan mugatzea izango da.

UDAL EKIMENAK AUZOAN


Bestalde, Amezketako Udalak jakitera eman nahi die Ugarteko auzotarrei hurrengo hilabeteetan beste jarduera batzuk burutuko dituela auzoan. Horrela, aste honetan, behin Errosarioko Ama elizako estalkia berritzeko lanak amaituta, elizaren atzealdean jolastoki berria jarriko da, eremu horretako egungo egoera txukunduz eta erabilgarriagoa eginez.

Azkenik, udalak azaldu du Ugarteko auzoaren argiztapena hobetzeko proiektua lantzen ari dela eta hurrengo bi hilabeteetan argiteria hobetzeko lanak eramango direla aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!