«Gozatzen ari naiz berriro agertokietan»

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 19a, 08:00

Hainbat urtetan agertokietatik kanpo izan arren, musikak bere bizitzan duen garrantzia nabarmendu du Sagastibeltzak.

Orain dela 15 urtetik bizi da Amezketan Garbiñe Sagastibeltza (Leitza, 1971). Eta hamalau urte pasa ditu agertokietatik kanpo. Maider Zabalegik Zuei diskoa atera du, eta Sagastibeltzak baxua jotzen du kontzertuetan.

Berriro ere agertokiaren gainean. Nola doa esperientzia?

Ezusteko bat izan da, benetakoa gainera. Ez nuen pentsatzen berriro igoko nintzela. Maider Zabalegik Gabonetan deitu zidan, eta kontatu zidan diskoa grabatu zuela, zuzenekoa prestatzen ari zela, eta nirekin kontatu nahi zuela. Nire erreakzioa une horretan izan zen ezezkoarena. Hainbeste urte agertokietatik kanpo, beste lan mota batekin oso sartuta, eta bi ume ere bai... Hala ere, Maiderrek eskatu zidan elkarrekin geratzeko. Bere planteamendua azaldu zidan: berak ere bi ume ditu, bere lana du, eta gehienbat nahi duena da gozatu. Eta niri horrek garai bateko oroitzapenak piztu zizkidan. Eta esan nion diskoa pasatzeko, gehienbat ikusteko ea abestiak ondo defendatu nitzakeen.

Etxera etorri, diskoa jarri, eta ez ziren hamabost minutu pasako Maiderri deitu eta baiezkoa eman niola. Eta berak esan zidan bazekiela baiezkoa emango nuela. Oso disko polita da, oso poperoa. Berriro baxua jotzen ikusten nuen nire burua, eta Maiderrek oso talde polita sortu du kontzertuetarako: Gorka Urra eta Urbil Artola gitarristak, Karlos Aranzegi baterian eta Joseba Loinaz teklatuarekin.

Nola txertatu zara kontzertuetako agendan?

Ni kontzertuetara bakarrik joaten ari naiz. Maiderrek badu beste agenda bat, elkarrizketak, telebistara joatea eta horiek denak. Gustura ari naiz, eta Maiderri esan diot behin baino gehiagotan zergatik deitu zidan niri, hainbat baxu jotzaile izanik. Eta berak erantzun dit intuizioa izan dela. Gero, ohartzen ari gara hamalau urte elkar ikusi gabe egon arren, gure bizitzak nahiko bide berdinetik joan direla. Izan ditugu gertuko heriotza batzuk, eragin handikoak. Beste modu batera ikusten dituzu gauzak, eta hor ere topatu gara. Orduan, egia esan, gozatzen ari naiz berriro.

Nola izan zen lehen kontzertua?

Martxoaren 18an, Oiartzunen. Oso polita izan zen; aretoa bete egin zen, eta jendea zutik geratu zen. Esan ziguten batzuk negarrez eta dena aritu zirela, eta oso polita izan zela. Guretzako, taldearentzako, elkarrenganako lotura sortzeko modu bat izan zen.

Nola definituko zenuke egiten duzuen musika?

Hasteko, ez dago trikitirik. Hortik atera da Maider. Berari momentu larri batean ateratako abestiak dira. Ikusten da lehendik barrenean zituen melodia batzuk zirela, baina momentua iritsi zitzaionean atera egin zituela. Bihotzetik ateratako abestiak dira. Hunkitzen zaituzten abestiak dira, mugitu egiten zaituztenak. Gainera, taldean gauden bostak antzekoa esan dugu: baiezkoa esan diogu proiektu honi, musika honek mugitu egiten duelako.

Nik uste dut talde guztiak sentitzen duela gozatzeko proiektua dela. Hori nabaritu egiten da. Ez gaude beharrarengatik proiektuan, eta horrek beste musikaltasun bat ematen dio. Barrenean sartzeko oso kantu errazak dira. Hori ikusi dut, hasteko, nire etxekoekin. Bi egunetan nire semeek melodia guztiak zekizkiten.

Zenbat denbora zeneraman agertokietara igo gabe?

Hamalau urte... Maiderrek deitu eta gero hasi nintzen kontatzen. Lehen kontzertura joan nintzenean, taldekoei esaten nien ez nekiela ezta nola jarri agertoki batean. Gero ohartu nintzen baxua hartu eta agertokian zaudenean, herenegun beste kontzertu bat eman izan banu bezala sentitzen nintzela.

Maider berak ere antzeko sentsazioak zituen?

Berak ere berdina esaten zidan. Oso kuriosoa izan zen. Soinu probak egin genituenean, hainbeste urte entzun gabe monitoretik datorren soinua... Esaten genuen ohitura ere galdu genuela zer entzun behar den, zer ez, zer erreferentzi behar genituen. Hamabost minutuko kontua izan zen: beste taldekideekin, hainbat taldetan aritzen direla, segituan orekatu zen.

Hamalau urte hauetan baxua jotzen aritu zara?

Musika entzuteari ez diot inoiz utzi. Musika barruan daramat eta beti balio izan dit, negar egiteko hori behar nuenean, edo pozik jartzeko, edo errabia ateratzeko... Musika beti erabili dut, eta beti begiratu diot. Hori hor daukazu. Baxua hartu gabe urteak pasa ditut, baina soinua maiz jo izan dut etxean. Diskoa hartu nuenean eta hasi nintzenean baxuarekin, aurreneko egunetan eskumuturreko mina izan nuen, behatzetan baba txiki batzuk, zutik jo behar izaten nuen ikusteko nola aguantatzen nuen... Baina, egia esan, erraz hartu dut berriz ere.

Aurretik beste hainbat taldetan aritu zara, tartean Maixa eta Ixiarrekin. Nola dituzu garai horiek gogoan?

Maixa eta Ixiarrekin ezagutu nuen trikitiaren mundua. Ez nuen aurretik batere ezagutzen. Niri deitu zidaten lehendik sortuta nuelako Basajaun taldea, Tolosa inguruko lau musikarik osatutakoa. Maixa eta Ixiarrekin elkartu nintzenean, erritmo kaxa batekin aritzen ginen. Erromeri pila bat egin genituen.

Gero, Silvio Rodriguezekin emanaldi bat egin genuen Bilbon, eta hortik aurrera ezagunagoak egin ginen, eta aldaketa handia nabaritu genuen. Ikusi genuen erritmo kaxa oso motza gelditzen zela eta bateria behar genuela. Hirurak neskak ginenez, pentsatu genuen neska talde bat osatzea. Esan ziguten Iparraldean bazela bateria jotzaile bat oso ona, eta horrela sartu zen taldean Marie-Helene Guillaume. Laurak batera grabatu genuen aurreneko diskoa Uhinez uhin izan zen. Denon artean sortutako kantak izan ziren, eta Altzon entsegu asko egiten genituen.

Nolatan hasi zinen baxua jotzen?

Nire aurreneko instrumentua soinu handia, akordeoia, izan zen. Isidro Larrañagarekin ikasten nuen Tolosan, eta akordeoi orkestran sartu nintzen. Oso etapa aberatsa izan zen. Lau soinu jotzaileren artean sortu zen erromeria talde bat osatzearen ideia. Basajaun taldea sortu genuen, eta denek soinua jotzen genuenez, erabaki behar izan genuen bakoitzak zer joko zuen. Nik betidanik oso gustukoak nituen soinuaren baxuak, eta esan nuen baxua joko nuela. Donostiara joan nintzen eta lehenengo baxua erosi nuen, eta metodo batekin hasi nintzen nire kabuz.

Beste talderen batekin aritu izan zara?

Maixa eta Ixiar taldea desegin zenean, Alboka taldetik deitu zidaten. Marta Sebestyen abeslariarekin disko bat grabatzen ari ziren eta baxu jotzaile bat behar zuten. Gero itzuli zabal bat egin genuen, eta oso esperientzia polita izan zen.

Eta etapa hori bukatu zen.

Haurdun gelditu nintzen eta ordezkapen batzuk egiten aritu nintzen zenbait taldetan. Bost hilabetez haurdun nengoela, kontzertu bat eman nuen eta gau horretan izugarrizko ostikoak ematen zizkidan umeak, eta esaten nion nire buruari bukatu zela. Eta gero, orain dela hiru urte inguru, soinua jo nuen Karlos Argiñanoren programaren sintoniarako.

Orain beste etapa bat hasi dela, beste ate batzuk irekiko dira?

Ez dut buruan beste proiektu batzuetan sartzea. Oso gustura nago nire lanean, asko betetzen nau. Maiderrekin proiektu honetan sartu naiz taldean daudenak daudelako, eta diskoa oso polita delako. Baina Maiderri ere esan nion honek indar handia hartzen baldin badu, nik ezin dudala jarraitu, ezin dudala sakrifikatu talde bat nik ezin dudalako gehiago eman. Maiderrek proposatu zidanean bazekien zein den nire bizimodua, eta nik eskertzen diot pila bat aukera hau, berari esker gozatzen ari naiz eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!