Tolosaldeko Giltzarria

Sokatira dema berreskuratuko dute Amezketan martxoaren 19an

Ataria 2017ko mar. 16a, 08:38

Martxoaren 19ko galdeketaren harira, egun osoko festa antolatu dute Amezketan. Sokatira dema eta bazkaria izango dira, besteak beste.

Martxoaren 19ko galdeketa aprobetxatuz, duela 20 urteko tradizioa berreskuratuko dute Amezketan. "Amezketako auzoen artean sokatira dema izaten zen: Kalea, Ergone, Ugarte eta Bedaio lehiatu ohi ziren herriko festetan, eta bi hamarkada inguruz usadioa galdu egon eta gero, herriko tradizioa berreskuratu nahi izan du belaunaldi berriak", azaldu dute Gure Esku Dagoko kideek.

Hain zuzen, amezketarrak hiru taldetan banatuko dira, eta elkarren aurka lehiatuko dira: Kalea, Ergone eta Periferia (Ugarte, San Martin eta baserriak).

Antolatzaileek parekidetasuna kontuan hartu dute, eta talde guztiak emakume eta gizon kopuru berbera izango dute. Horretaz gain, tradizioaren berreskurapenak "gerora ere garraipena izan dezan", haurrek ere hartuko dute parte, beren arteko beste lehia batean. 

"Amezketan ezin izaten da jana eta edana falta eta demak irauten duen bitartean hamaiketakoa egiteko aukera ere izango da", adierazi dute antolatzaileek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!