Bileran jorratu zuen gaietako bat ahuntzak larreetan izatearena da. «Orain 25 urte inguru herriko sail batzuetan pinudiak sartzea erabaki zuten, eta orduz gero ahuntzak galarazita izan dira. Orain udaletik ikusten da landare horiek hasita daudela, eta berriro ere ahuntzak bertan izateko aukera zabaldu da».
Bedaio eta Amezketaren arteko itxitura, zein herri pinudietako itxitura konpondu beharrari hitz egin zuten, eta baita zenbait bide eta pista konpontzeari buruz, hain justu, Larrondoko bidea, Andragoenako pista eta Inpernuerrekako bidea.
«Konponketak egiteko aldundiarekin hitz egitea da asmoa», azaldu du Zuriarrainek. «Ikusiko dugu zer lan egingo dituzten beraiek eta zein lan geratuko diren udalarentzat». Azken hauetan auzolana bultzatzea aurreikusten dute: «Animatu beharko ginateke txukun mantentzen mendi horiek. Lanak neketsuak izaten dira eta ea denon artean bultzada ematen diogun mendi horri». Hurrengo bilera abeltzainekin, aldundiarekin hitz egin ondoren egingo dute.
Zuriarrainek Larrondoren garrantzia nabarmendu du: «Eremu polita da, erabat eguzkitan dagoelako eta belar goxoa ateratzeko, hain justu, eguzkia behar da». Orain 30 urte gutxi gorabehera mila ardi inguru eramaten ziren larre horietara. «Ganadua bertan izanik mendia txukunago mantentzen zen», esan du Zuriarrainek. «Abereen kopurua gutxitu egin da, eta horrek ekartzen duena da larre eremuak galtzea, eta beste landare inbasore batzuekin betetzea. Orain ikusten da ardiak eta ganadua larreratu nahi direnean, ez dagoela lehen adinako lekurik». Larrondo elorriz «bete-betea» dagoela azaldu du Zuriarrainek: «Landare babestua da, eta ezin da kendu. Aldundiarekin ere hitz egin beharko dugu ea akordio batetara iristea dagoen gai horren inguruan».