Bartolome Deunako obrak direla-eta, gomendioak garajeetako jabeei

Ataria 2017ko otsailaren 9a

Bartolome Deuna kaleko berriztatze lanak aurrera doaz, eta egunotan espaloiak eta kaleko etxeetako sarbideetako zoruak altxatu dituzte. Hau dela eta, Amezketako Udalak Beltzaren plazaren azpian dauden garajeetako jabeei jakitera ematen die Bartolome Deunaren kaleko sarbidearen erdia erabili ahal izango dela hurrengo egunetan, eta bide batez, udalak gomendatu du obrak burutzen diren lan orduetan, 08:00etatik 16:00etara bitartean, ahal bada garajeak ez erabiltzea edo ahal den gutxien erabiltzea. Honen arrazoia «denon artean obran ari direnen lana mesedetzea eta elkarri laguntzea» dela esan du udalak.

Bestalde, aditzera eman nahi da eguraldiaren gorabeherak direla-eta obretako zenbait eremuren asfaltatze lanak egun batzuk atzeratu direla. Izan ere, lan hauei ekiteko eguraldiaren baldintza batzuk bete behar izaten dira, eta azken asteetan izandako baldintzek ez dute esandako asfaltatze lanak egiten utzi.

Amezketako Udaletik azaldu dutenez, «ulertzen ditugu obra honek auzotarrei sortzen dizkien eragozpenak, baina eragozpen hauek ohikoak edo ezinbestekoak izaten dira eta hauek leuntzen saiatzen ari gara». Lanek sortutako eragozpenak «barkatzeko» eta «pazientziarekin hartzea» eskertzen dutela diote udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!