Joxe Mari Oterminek Amezketari buruzko zazpigarren liburua argitaratu du, Amezketa, herri kirolzale baten memoriak izenekoa. Amezketako Udalaren babesean, Salin sailean kaleratu da liburu hau ere. Hain justu, udala etxez etxe ale bana banatzen ari da egunotan. Nahi duenak liburua erosi dezake, eta horretarako udaletxera jo behar du.
Liburuaren aurkezpena egin duzue aurreko astean Amezketan. Gustura geratu zinen?
Ni konforme geratu nintzen. Herritarrak baziren, kanpotik etorritakoak ere bai, eta liburuan azaltzen diren pertsona dezente ere bai.
Dagoeneko jaso dituzu liburuari buruzko iritzirik?
Bai, eta erabat kontrajarriak. Batek esaten dit atarikoa asko gustatu zaiola, eta beste iritzi bat etorri zait, iritzi emailearen lagun baten bitartez, sarrerako hori astunegia dela dioena. Oro har, eta edukiari begira, ez dut uste oraindik jendeak hortaz jabetzeko astirik duenik, baina zerbait etorri zait eta jendea pozik dago, Amezketaren historian hain garrantzi handia izan duen zerbaiti, kirola alegia, liburu bat eskaini zaiolako.
Kirolariren bat liburuan ez delako azaltzen-edo komentariorik jaso duzu?
Garrantzi handiko puntua da hori. Ez da Amezketako kirolarien biografia biltzen duen liburu bat, edo kirolari guztiak bildu nahiko lituzkeena. Eta seguru nago kritikak izango ditudala horregatik. Zergatik hainbeste aipamen honi eta hain gutxi beste bati. Neurri batean, Amezketako kirolarien historia baino gehiago, Amezketako herriaren kirol memoriak bildu nahi izan ditut. Nahiago izan dut Amezketako kirolaren historia denbora batez nola izan zen argitu, Amezketako pilotari, harri-jasotzaile eta korrikalari bakoitzaren historia egitea baino.
Zergatik aukeratu duzu kirolari buruzko liburua egitea?
Aurreko liburuetan hainbat gai jorratu ditut, eta kirola osotasunean landu gabekoa nuen. Nire ustez kirola Amezketarentzat garrantzia handikoa izan da. Amezketa geografikoki mendi barrenean dago, eta garai batean Amezketan bukatzen zen errepidea. Horrek esan nahi du gainerakoarekin komunikatzeko arazoak izan bazituela. Nolabait ere, baztertasun horretatik atera zuen jarduera kirola izan zen. Amezketako lehendabiziko kirolari guztiek norberaren izena eta abizena baino gehiago herriaren goitizena eramaten zuten. Zentzu horretan, bere burua azaltze aldera, asko lagundu zion kirolak Amezketari, eta oraindik ere asko laguntzen dio.
Gero, baita herrirako ere. Amezketan ez genuen inoiz zinema aretorik izan, antzerkia ere gutxi egiten zen, eta garai batean, uda partean pilota txapelketa on bat geneukan Amezketan, eta jendearentzat zerbait erakargarria bihurtu zen eta kanpotik pilotariak etortzen ziren. Orduan, poliki-poliki Amezketatik ere pilotariak ateratzen hasi ziren kanpora. Pilotariak aipatu ditut, baina korrikalari zaharra Amexketa zen, eta Ignazio Antonio Goñi, beste korrikalari bat, Amexketa zen ere, eta 1925ean segalari famatu bat, Felix Etxarte, Amexketa zen ere. Orduan, Amezketak dezente zor dio kirolari. Amezketatik kanpo Fernandok eta kirolak egin gaitu nolabait ere amezketar.
Nondik bildu duzu informazioa?
Azken bi urteotan ibili naiz liburu hau buruan nuela, baina egia da batez ere informazio zaharra aspaldidanik biltzen hasia nengoela. Azken bi urteotan batez ere aldizkari eta egunkari zahar asko miatu ditut, eta gauza politak topatu. Esaterako, berebiziko ilusioa egin zidan ziur aski Amezketako lehendabiziko pilotari profesionala izan zen Joxe Ramon Aierberen argazki bat topatzea, 1928an Bartzelonan zuriz jantzita. Gero, 1926an bi gazte hil ziren, bata Alegiakoa eta bestea Amezketakoa Donostian, oso pilotazaleak biak, eta sekulako hunkitua izan nuen albiste hori irakurtzean. Oraingo informazioa Interneten asko dago, baina oso gutxi dago, adibidez, Bautista Galartza edo Joxe Aierberi buruz.
Iñaki Perurena zure ondoan izan zen aurkezpenean, eta liburuaren sarrera idatzi du. Zergatik?
Amezketako kirol nagusiaren geometria triangelu bat izango litzatekeela. Batetik pilota, bestetik korrikalaritza, eta horrez aparte Albitzuri-Haundi harri famatua. Iñaki izan zen bere garaian marka ona egindakoa, 13 jasoaldi emanez. Handik bi urtera edo, 13 baino gehiago jaso beharrean, 10 bakarrik jaso zituen. Amezketarrok edota Amezketara joandakoak gaizki portatu zirela, txistuka hartu genuela. Neurri batean bazuen sentimendu txar hori argitu nahia. Bestetik, Iñakik beti ditu kontuak esateko, eta interesgarria da bere luma.
Liburuan jasotzen dituzun pasadizoek herriko giroa gehiago ezagutzen laguntzen dute?
Aurreko liburuetan ere esan dut Amezketan, eta beste herri askotan ere, batez ere igande eta festa ilunabarrak oso arriskutsuak izaten zirela. Askori gertatzen zitzaion muturra berotzea. Eta bi ondorio izaten zituen, edo borroka edo apustua egitea. Eta Amezketan borrokak izan dira, eta apustuak ere bai, tabernetan egindakoak. Neurri batean horren ispilu dira horrelako apustu asko, batez ere azkeneko gerratea bukatu eta handik zortzi bat urtera, paper fabrika indartzen hasi zenean. Urte batzuetan esango nuke, eta hau berokeria izan daiteke, euskal jokoen hiriburu txiki bihurtu zela Amezketa Albitzuri-Haundi harriarekin.
Zer da pilota Amezketarentzat?
Azkeneko 220 urteotan Amezketan pilota izan da joko nagusia. Herrian bertan eta baita mendian ere. Mendian ere artzainek pilotan gogotik egiten zuten, lana arintzen zitzaienean. Hainbat pilotaleku daude, eta bertan aurrez aurre jokatzen zuten. XX. mendean, frontoia egin eta gero, ezker hormarekin eta guzti, pilota izan da joko nagusia, zalantzarik gabe. Eta egun ere horrela da.
Albitzuri-Haundi harria da liburuko protagonistetako bat.
Amezketan beti esan izan da Albitzuri-Haundi errekatik ateratako harria ote den. Basarrik idatzitakoa aintzat hartzen badugu, esan beharko genuke botarria dela. Garai batean pilotan sakea ateratzeko erabiltzen zen harria. Ondo erreparatuz gero, alde bat oso laua du, eta zalantzarik gabe alde hori sakea ateratzeko erabiltzen zen. Basarrik esaten duenez, Intzako herritik, Nafarroatik, ekarritako harria da, Albitzuri-aundi deitzen zioten Jose Maria Zuriarrain amezketarrak bizkarrean berdindu zuelako bertan, apustu bat irabaziz. Albitzuri-Haundi harriak 1947 eta ondoko urteetan egundoko indarra eman zion Amezketako herriaren izenari. Nik uste dut Amezketan inoiz bildu den jendetzarik handiena hamar indartsuak deiturikoak 1947an egin zuten lehiaketa dela-eta izan zela. Lau bat mila ikusle izan ziren.
Liburuan aipatzen duzu pena bat baduzula: emakumezkorik ia ez dela azaltzen.
Berehala ohartu nintzen, eta aitortzen dut oso emakume gutxi azaltzen dela liburuan. Saiatu naiz, ahalegin guztiak egin ditut topatzeko, baina nabarmena da hutsunea duela liburuak eta seguru nago hurrengo batek Amezketako kirolari buruz liburu bat egiten duenean, ni baino erraztasun gehiago izango dituela emakumeen izenak aipatu ahal izateko.