Gabonetako eskaintza zabaldu dute aurten

Ataria 2016ko abe. 23a, 13:00

Berritasun nagusiena Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrentzako jarduerak bereizi egin direla izan da.

Amezketako Udalak Eguberrietarako antolatzen duen jarduera eskaintza zabaldu egin dute aurten. «Ikusten genuen arrakasta handia izaten zuela aurreko urteetan Gabonetako eskaintzak», azaldu du Mikel Arteaga hezitzaileak, jarduera gehiago egiteko arrazoiari buruz. «Zabalkuntza horren ezaugarri nagusiena da bereizi egin ditugula Haur Hezkuntzakoentzat eta Lehen hezkuntzakoentzat diren jarduerak»Arteagak gaineratu duenez, «aurretik batera egiten ziren, baina ikusi genuen hain adin tarte zabala izanik zaila zela eskaintza bera berdin gozatzea hiru urteko batek edo hamaika urteko batek, eta horregatik banandu ditugu».

Eskaintzaren ekintza nagusiena puzgarriak izango dira, eta hori bi adin tartekoentzat zuzendutako izango da. Begirale moduan Gaztelekuko kideak ariko dira. Beraientzat, nerabeentzat, beste hainbat jarduera izango dira, eta horien aukeraketan beraiek parte hartu dute. «Haurrentzat diren hainbat jardueratan laguntzen aritzen dira, eta alde horretatik errekonozitu behar zaie egiten duten lana eta eskertu ere bai», esan du Arteagak.

Gabonetako egitaraua osatzerakoan erreferentzia bezala aurreko urteetan egiten dena hartzen da. «Gurasoei eskatzen zaie balorazio bat egitea, eta hori kontuan hartuta jarduerak errepikatzen dira edo beste bat jartzea pentsatzen da», esan du Arteagak, eta gaineratu: «Saiatzen gara jarduera hezitzaileak izaten. Azken finean herritar aktiboak sortzea da helburua».

 

EGITARAUA

ABENDUAK 24, BIHAR

09:30. Zumadi eskolako haurrak Ugartetik aterako dira Gabon kantak abesteko. 13:30. Haurrentzako bazkaria Zazpitturri elkartean. Ondoren, saskiaren zozketa.

URTARRILAK 5, OSTEGUNA

18:00. Errege magoen desfilea elizatik abiatuta. Larrunarri frontoian hartuko dituzte haurrak. Ondoren txokolate jatea.

HAUR HEZKUNTZA

Abenduak 26, astelehena

11:00. Pelikula kultur etxeko areto nagusian.

Abenduak 27, asteartea

11:00. Gabonetako eskulanak.

Abenduak 29, osteguna

16:00. Jolasak.

LEHEN HEZKUNTZA

Abenduak 27, asteartea

16:00. Jolasak.

Abenduak 28, asteazkena

11:00. Pelikula.

Abenduak 30, ostirala

11:00. Altxorraren bila.

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA

Urtarrilak 2, astelehena

10:30-13:00 eta 16:00-18:30. Puzgarriak.

NERABEAK

Abenduak 23, gaur

19:00. Gaztelekuan afaria.

Abenduak 26, astelehena

15:00. Txuri-urdinera irteera.

Abenduak 29, osteguna

10:00. Karting zirkuitura irteera.

Urtarrilak 4, asteazkena

16:00. Zinemara irteera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!