"Barriolarekin bikotea osatzea ohore bat da"

Ataria 2016ko abe. 2a, 11:42

Lau t’erdiko txapelketan ikasitakoa eta bizitakoa soinean hartuta, Jokin Altunak (Amezketa, 1996) binakakoari begira dago. Lehen saria jaso du amezketarrak: bere bikotekidea.

Lau t'erdiko txapelketatik zein ondorio atera duzu?
Aste oso politak bizitu ditut. Partida garrantzitsuak jokatu izan ditut, baina lehen aldia da final handi batek ematen duena ezagutzeko aukera izan dudana. 20 urterekin hori ezagutzea oso aberasgarria izan da. Finala afizioa egiten duen horietakoa izan zen, baina azkenean pena handiarekin bukatu nuen. Egun pare bat nahiko triste ibili naiz, buruari bueltaka. Alferrik dela ondorioztatu dut. 21na zoazenean, partida alde batera edo bestera erortzen da, eta horri bueltak ematea alferrik da. Egindako txapelketarekin nahiko harro nago, eta denbora bat pasatzean gehiago baloratuko dudala uste dut.  


Lau t'erdikoaren hasieran, maila desberdineko pilotariak zeudela ikusi zen. Alde batetik, Urrutikoetxea, Bengoetxea eta Olaizola; tartean, zuek. Txapelketaren bilakaera ikusita, lehen multzoan zaude.  
Txapelketa hasieran nik ere hori ikusten nuen. Urrutikoetxearen aurka 22-7 galdu nuenean, oraindik eta gehiago. Nahiz eta lehen mailako txapelketa izan, koska desberdinak zeuden. Txapelketa honek niretzat asko balio izan du, onenen aurka egitea badaukadala ikusi baitut. Batez ere, Bengoetxearen aurka horrela galtzean eta Olaizolaren aurka nola jokatu nuen ikustean. Ezkurdia, Artola, Irribarria,… pilotari mordoa dago niri irabazteko modukoak direnak, baina nire jokoa egiten baldin badut, edozeini sustoa emateko moduan nagoela ikusi dut.


Finala eta gero errestoa zenbatek gogorarazi dizute.
Pilota aukeraketan ere esan nuen, bere pilotekin sakeari erantzutea ez zela erraza izango. Partidan erabat kontzentratuta egoten saiatu nintzen, baina ez nintzen pilota horretara jartzen. Jokoan momentu batzuetan gainditu nuela uste dut, baina berak sakearen bidez tantoak nahiko azkar egiten zizkidan, eta horrekin ematen zion buelta.


Azken tantoarekin ametsik egin al duzu?
Buruan buelta asko eta asko eman dizkiot. Garbi nuen ondo sakatu eta hurrengo pilotaz aprobetxatu behar nuela. Baina hankak irrist egin zidan pilota jo nuenean. Putakeria bat izan zen. Gero berari aukerakoa gelditu zitzaion. 21na zoazenean batzuetan gauzak ondo atera zaizkit, eta oraingoan ez. Urrutikoetxeari ere antzekoa gertatu zitzaion finalerdietan. Horrela izaten da.


Hurrengo txapelketa hastera doa, eta onena horretan pentsatzen hastea izango da.
Tristura sentsazio horrekin ezin duzu geratu. Aurre egiteko onena buruari beste motibazio batzuk jartzea da. Orain binakako txapelketarekin hasiko gara; beste ilusio bat, beste motibazio bat. Orain horretan gozatzen saiatuko gara.  


Abel Barriola.
Ohore bat da niretzat berearekin jokatzea. Ikaragarrizko pilotaria izan da, eta da. Bere adinean ematen ari den maila izugarria da. Beti izan dut gogoa eta ilusioa berarekin txapelketa bat jokatzeko. Ohore bat da, eta dena ematen saiatuko gara; bikote bezala gehituz.


Txapelaren lehiari bakarrik begiratuta, agian Zabaleta edo beste atzelariren bat izango genuen buruan. Baina ondo pentsatuta, eta Barriolaren azken urteak direla kontuan hartuta, berarekin jokatze hutsa nahikoa txapela izan daiteke. Eta ezer baztertu gabe.   
Ez dakizu azkenean bikotea nondik aterako den, baina irakurketa horrekin ados nago. Hasieran agian izen gehiago duten atzelariak jartzen dituzte txapelaren lehian. Adibidez, Irribarria eta Rezusta. Gu agian ez gaude kiniela horietan, baina dena ez da hori. Pertsonalki eta profesionalki zer aportatzen dizun ikusi behar da, eta niretzat asko ikasteko bide bat izango da Abelekin jokatzea. Ez dakit bere ibilbidea noiz bukatuko den, agian beranduago baino goizago. Baina argi dudana niretzat aukera oso ederra dela berarekin bikotea osatzearena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!