Pilotak ere prest finalerako

Ataria 2016ko aza. 25a, 11:42

Argazkia: aspepeloa.com

Jokin Altuna eta Oinatz Bengoetxearen arteko finalerako dena prest dago, baita pilotak ere. Atzo egin zuten material aukeraketa. Leitzarrak 104,9 eta 105,8 gramoko pilotak aukeratu zituen. Amezketarrak, pisu gehiagokoak, 106 eta 106,2koak.

Altuna III.aren esanetan, «material desberdina aukeratu dugu. Oinatzek pilota biziak hartu ditu, eta nik txapelketa osoan aukeratutakoak, azpitik ibiltzen direnak eta frontisetik irteera gutxikoak. Bereak azkarragoak dira, espazio asko denbora gutxian egiten dutenak».

«Niretzat, horrelako jaialdi batean egotea oso handia da. Dena da berria. Finalaren aurreko egunak oso desberdinak izaten ari dira; ez nago ohituta. Hala eta guztiz ere, horrelako egun gehiago pasatzea gustatuko litzaidake», gaineratu zuen Jokin Altunak. Partida hasiera garrantzitsua izango dela esan du Aspeko aurrelariak: «Oinatz topera aterako da, lehen segundotik. Nik ere gauza berdina egin beharko dut. Hasierak erabakigarriak izan daitezkeelako».

Altuna III.aren jokoa behetik gora doa txapelketa honetan, berak onartzen duen bezala: «Txapelketak aurrera egin ahala hobeto aurkitzen joan naiz. Finalerdietan ondo sentitu nintzen, baina partida horren aurreko egunetan ez nekien nola erantzungo nuen. Igande honetan espero dut %100ean egotea, eta frontoira gerturatzen den jende guztiaren gustuko jokoa egitea. Ni finala irabaztera aterako naiz. Galtzen baldin badut zer? Lanean jarraituko dudala».

Artolak ez du jokatuko Ogetan
Igandeko jaialdian, Ogetan, Iñaki Artola berragertzekoa zen. Medikuak ez dio ordea baimenik eman alegiarrari, eta ondorioz ez da jaialdian izango. Iraila erdian egin zioten ebakuntza Artolari. Bere lekua Iker Arretxek hartuko du igandeko partidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!