Hasi dira Ugarteko elizaren teilatua berritzeko lanak

Imanol Garcia Landa 2016ko aza. 16a, 08:00
Ugarteko elizan teiulatua berritzeko lanak egiten ari dira. N.R.D. ARANGUIZ

Aurrekontua 220.000 euro ingurukoa da eta obrak bi hilabete irautea espero dute.

«Kostatu zaigu hastea, baina dagoeneko hasi dira obrak». Joxi Eguzkitza Salbatore pastoral barrutiko parrokoa Amezketako Ugarte auzoko elizari buruz ari da. Teilatua berritzen ari dira, eta guztira 221.243 euroko aurrekontua dute lanek.

«Eliza batean obrak hasten ditugunean, lanak ematen dizkigu», azaldu du Eguzkitzak. «Izan ere, eliza horiek gehienak ondarearen barruan daude, eta obrak egiteko lehendabizi baimen guztiak behar dira. Hasteko, foru aldundiaren dagokion departamenduak ematen duen baimena, eta gero obra guztietan behar izaten diren baimenak».

Horrelako eraikin batean obrak hastea luzatu egiten dela gaineratu du Eguzkitzak: «Lehenengo proiektua prestatzen da, gero proiektua egin, eramaten dira aurrekontu batzuk eta aldundian erabakitzen dute hori egin daitekeen ala ez, zaindu behar den ondareari begiratuz. Beti ematen dituzte proiektuan ukitu batzuk». Otsailerako aurrekontuak zehaztuta zituztela azaldu du Eguzkitzak eta azkenean lanak orain gutxi hasi dituztela.

Itoginak kentzeko berrituko da Ugarteko elizaren teilatua. «Gainera, teilatuaren inguruan urtetan egon diren egur batzuk pitzatzen hasita zeuden eta nabaritzen zen teilatuan goitik behera okertzen hasita zeudela. Nolabait zurkaiztuta zeuden, baina horiek ere aldatuko dira. Bestetik, jarriko den teila hainbeste mugitzen ez dena izango da», azaldu du parrokoak.

AURREKONTU «HANDIA»

Obrek bi hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten dute. Bitartean mezak ospatzen jarraituko dute. «Ospakizunak asteburuan egiten ditugunez, segurtasun enpresatik adierazi dutenez oraingoz ez dago arriskurik eta ez digute esan bertan mezarik ez egiteko», zehaztu du Eguzkitzak.

Inguruko eliza gehienak bezala, Ugartekoa ere XVI-XVII mendean egindakoa dela azaldu du Eguzkitzak. Hori bai, bertako ama birjinaren irudia aurrekoa dela gaineratu du. «Ziur aski aurretik ermitaren bat izango zen eta gero egingo zen eliza», zehaztu du parrokoak.

Lanen aurrekontua «kopuru handia» dela dio Eguzkitzak. «Horrelako gauzetan sartzen denean, zerbait aldatu behar dela-eta, beti izugarrizko kopuruak ateratzen dira. Etxe guztietan gertatzen da hori. Azkenerako dena igotzen joaten da».

Diru laguntzak jasotzea espero dutela dio Eguzkitzak aurrekontua ordaintzeko. «Normalean diru laguntzak ez dira iristen lanak egin direnaren ziurtagiriak eman aurretik», esan du. «Aldundiak aurten 18.000 euro emango ditu. Udalarekin hitz egina dugu, baina ez dago zehaztuta gaia. Gotzaitegiak zerbait emango duela espero dugu, baina aurrerago jakingo dugu zenbat izango den. Gero, parrokia askotan gertatzen den moduan, mailegua eskatzeko aukera ere hor dago».

Bestalde, ugartearrei ekarpena egiteko eskaera egin zaie parrokiatik. «Hainbat hilabetetan hileko lehenengo igandean ugartearrak diru bat botatzen aritu dira obrak egiteko», azaldu du Eguzkitzak. «Horrekin batera, orain proposatu da eta dagoeneko martxan jarrita dago, parrokiaren kontu korrontean dirua sartzeko aukera. Kontuan izan behar da, gero errenta aitorpena egiterakoan jarritako diru hori erabili daitekeela kenkari moduan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!