Jokin! Jokin! Jokin! ... Finalera!

Ataria 2016ko aza. 13a, 20:12

Aimar Olaizola goizuetar txapeldun handiari 22-13 irabazi dio eta Lau T´erdiko Txapelketa Nagusiko finala jokatuko du Altuna III.ak, merezimendu osoz, Oinatz Bengoetxearen aurka azaroaren 27an. Donostiako III. frontoia bete-bete egin dute pilotazaleek, eta frontoira sartu orduko  Jokin! Jokin! Jokin! oihuak hartu du frontoia. Bere zaleek ez diotela inoiz huts egiten dio behin eta berriz amezketarrak; berak ere ez, ez die huts egiten.

Lehen tantotik agindu du markagailuan eta ez dio aukerarik eman goizuetar txapeldun handiari. Txapelketa honen aro berrian finalera heltzen den pilotari gazteenetakoa izango da gaurtik, 20 urterekin heldu zen Patxi Eugi ere, eta, gure neurrira ekarrita, Tolosaldeko aurrenekoa.

Aurpegi urdina erakutsi du txapak eta Altuna III.ak egin du lehen sakea. Eta berarentzat izan da lehen tantoa ere, heneretzi pilotakada gurutzatu diren tanto luzea airez ezker gantxo bizia zabalera jota egin duenean. Tanto honetan argi ikusi da zer asmo zekarren: ondo sakatu, bizi mugitu pilota, Olaizolaren ezker gantxoa saihestu, eta aurre-aurreko jokoari bildurrik ez. Erraza ematen du, baina zaila da egiten, besterik beste aurkaria Olaizola denean. Baina halaxe aritu da partida osoan.

Bigarren sakea atera eta falta, motz. Eta orduan etorri da gaur Jokinek egin dituen tanto sailetik apartatzeko horietako bat, bere hirugarrena: atera du sakea Olaizolak, zer egingo amezketarrak, bada aurreratu eta eskuin boleaz zabalera jo luze goizuetarrak inola harrapa ez zezakeen tokira.  Hemen erakutsi digu hausart jokatzeko asmoa ere bazuela, bere joko irudimetsu harrigarriari lekua eginez, eta ez gaitu harritu, horregatik gustatzen zaigu hainbeste pilotazaleoi.

Beretzat izan dira hurrengo hiru tantoak, 6-1, eta sakez egindako bigarren faltak eman dio bigarrena Aimarri; sake luzea izan da oraingoan, bosteko arrastoaren ondo-ondoan, zalantzagarria, baina ondo hartu du epaileen erabakia. Hemen erakutsi digu zein zentratua zegoen bere egitekoan.

Bi sake-erremate, tartean sake bat, eta tanto batera hurbildu zaio nafarra. Tanto luze bat etorri da ondoren, Aimarrek eskuin airez huts eginez galdu duena, eta hamarreraino ies egin dio gazteak berriro (10-5). Hamabigarren tantoaren ondoko geldialdian 12 eta 8 aurretik zen Jokin, eta tarte horretan ikusi dugu, batetik, sakatzen zein sakeak  jiratzen oso ondo eta, bestetik, pilotakadak ugaritzen ziren tantoetan berak agintzen zuela. Erritmo biziagoa jartzen zuen, defentsan errekurtso asko erakutsi du, eta bukatzeko betiko sena.

Hemezortzigarren tantoko geldialdian 18 eta 12 ari zen irabazten urdina, amezketarra. Tarte honetan bi tanto saketik egin ditu, egin dituen bi faltak ez dutela kokildu erakutsiz. Olaizolaren azkena etorri da gero, hamahirugarrena (18-13), Jokinek egin duen huts gutxitako bat tarteko. Hortik aurrera ez dio aukerarik eman amezketarrak eta segidan egin dizkio lau tantoak (22-13) zein baino zein, azkena sakez, eta tartean hemeretzigarrena, joan den urtekoan egin zion hemeretzigarrenaren igual-iguala: Olaizolaren ezker ganxo bila joan zabalera, pilota ezker eskura gelditu zabalean, eta ezkerrez luze-luze eskuin marraren paralelo barrualdetik. Denak aho zabalik berriro. Ikusgarria!

Olaizolak ohituak ez gauzkan gauza batzuk egin ditu, sake bat edo beste utzi du jiratu gabe normalean uzten ez dituenak, batzuetan galdu samarrik ikusi dugu kantxan, ezker gantxoari ez dio ohiko etekini atera...  Baina, zalantzarik gabe, Jokinek egin dion jokoak zer ikusi handia izan du horretan.

Orain finala, hogei urterekin; hala jasoko du pilotaren historiak. Oinatz Bengoetxea, beste artista, izango du aurkari; atzo erakutsi zuenez sekulako sasoi eta joko boladan dagoen artista. Bi artista, bi pilotari elektriko, buruz buru. Ez dira motzak izango hamabost egun hauek pilotariontzat, ezta zaleentzat ere.

 

 

 

 

Jokin Altuna, partidaren amaieran:

Ekaitz Saralegi, aldageletan:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!