Tortura salaketa berretsi du Irati Mujikak epailearen aurrean

Imanol Garcia Landa 2016ko aza. 3a, 13:15

Irati Mujikari 2013an babesa azaldu zioteneko irudia, Amezketako azokan 'Libre' postuan egindako agerraldian.

2010ean egin zuen salaketa, baina orduan artxibatu egin zuten. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hala aginduta, auziaren instrukzioa abiarazi dute Madrilgo Auzitegi Probintzialetik, eta gaur egin du deklarazioa Mujikak epailearen aurrean.

Deklarazioaren hasieran Mujikak tortura salaketa berretsi du, eta ondoren epailearen eta bere abokatuaren galderei erantzun die. "Gustura geratu naiz", azaldu du amezketarrak. "Ahaztu nahi izaten dituzun gauzak dira, baina barruan gelditzen direnak nahi edo ez, eta horrelakoetan berriro azaleratzeak lan pertsonal bat ekartzen du berarekin". Epaile baten aurrean deklaratu ahal izateari garrantzia eman dio: "Orain arte idatzizko salaketa jarria nuen eta inoiz ez didate deitu horri buruz gehiago galdetzera. Beraz, alde horretatik aurrerapauso bat da".

Epailea izan da aurrena galderak egin dituena. "Aurretik ez genekin zer-nolako jarrera edo interesa azalduko zuen, baina egin dizkit galdera batzuk eta nire azalpenak deklarazioan jasota geratu dira", esan du Mujikak. "Guk azpimarratu nahi genuen hori sakontzeko aukera izan dut nire abokatuaren bidez. Froga fisikorik ez dugu tortura horiek gertatu direla demostratzen dutenak. Zaila hori izaten da, eta beste modu batera azaltzen saiatu gara tortura horiek benetan gertatu zirela demostratzeko".

Tortura salaketen auzia berriro ikerketa prozesura itzuli da. "Orain epaileak bere aldetik egingo ditu beharrezkoak ikusten dituen galdeketak guardia zibilei edota auzi medikuari, eta abokatuak aukera izango du parte hartzeko diligentzia horietan, eta bestelako frogaren bat aurkezteko aukera izango dugu", azaldu du Mujikak. "Ikusi egin beharko da epaileak zer diligentzia proposatzen dituen. Eta gero horren ondoren ea epaiketa bat izatera iristen den, edo epaiketa aurretik ez duen ikusten behar besteko oinarri dagoenik eta auzia artxibatzea erabakitzen duen. Hori izango litzateke guretzako egoerarik txarrena, eta onena epaiketa burutzea izango litzateke".

Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia "aurrerapausoa" dela dio Mujikak, "baina nire ustez ez da  espainiar estatuak erabaki politiko bat hartu duelako eta esan duelako beharrezkoa dela kasu hauek argitzea. Estrasburgoko epaitegiak eman ditu zenbait sententzia espainiar estatua zigortuz, ez dituelako behar bezainbeste ikertu tortura salaketa batzuk, eta hori aintzat hartu du nolabait Konstituzionalak eta salaketak Europara iritsi aurretik ikerketa gehiago egitera behartu du Madrilgo Auzitegi Probintziala".

Auzia berriro artxibatzen bada, Europako auzitegietara helegitea bideratu aurretik Mujikak eta bere abokatuak aztertu egingo dute epaileak nola arrazoitzen duen erabakia. "Zer gabezi ikusten ditugun, eta zertan eskatu dezakegun babesa ikusi behar dugu", esan du Mujikak. Instrukzioaren epeak zein izango diren jakitea zaila dela gaineratu du: "Sei urte izan dira prozesu guztia martxan jarri zenetik. Orain auskalo zenbat denbora gehiago iraungo duen".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!