Altura, abentura eta bidaia uztartuz

Irati Saizar Artola 2016ko aza. 2a, 10:17

Mendizalea da Luis Sagastume amezketarra, eta udan Tajikistanen izan da Pico Lenin mendian; haizete bortitzaren eraginez, 5.800 metrotan, buelta eman behar izan zuen tontorra zapaldu gabe.

Mendiari probetxua ateratzea gustatzen zaion horietakoa da Luis Sagastume amezketarra. 16 urte inguru zituela eskalatzen hasi zen eta hortik egin zuen jauzi mendira. Eskiatzea ere bere zaletasunen barruan dago, baina, mendiak igotzeko joera handiagoa du.

Azken urteetan hainbat leku bisitatu ditu, hainbat mendi igo ere. Aurten, Pico Lenin-en (7.134m), Tajikistanen barrena ibili da. Berez, Kazakhstango Kang Tengrira zihoan beste bi lagunekin batera, baina, plana oso garbi ikusten ez zuenez, ez joatea pentsatu zuen.

Horrelako bidaiak Aragon Aventurak lagunduta egiten ditu, Javier Garridok antolatzen dizkio zehazki. Khan Tengrira joateko hartuta zituen hegazkin bidaiak aprobetxatuz egin zion Pico Lenin-era joateko eskaintzari, kasu honetan bakarrik egin beharko zuen mendia.

Nahikoa ezagutzen du mendi hura Sagastumek: «Duela 5 urte egon nintzen bertan eta nire lehenengo esperientzia izan zen 7.000ko batean». Oroitzapen kaxkarrak geratu zaizkio ordea bidaia hartaz, goraino ez iristeaz gain, bidean lagun zuen errusiar bat hil baitzen. Handik bueltatu eta «gehiago ez noa horrelako mendi batera» pentsatu zuen. Baina, sentsazio horiei buelta emateko asmoz itzuli da amezketarra. Teknikoki mendi «erraza» dela nabarmendu du, baita bakarrik doazenentzat ere.

Lehenengo astea bakarrik egin zuen. «4.000ko batzuetara joan nintzen eta sentsazio oso onak izan nituen». Hasiera batean, erdi bakarrik ibili bazen ere, bidean edonorekin elkartzen zen. Gero, ordea, Pico Leninera igotzeko, lagun talde batekin elkartu zen. Aklimatazio fasean, 4.000-5.000 inguruan ibili ziren eta 6.200era igotzea, bertan lo egitea eta jaistea zen hurrengo helburua. 5.800ra iristean, ordea, haizete bortitzaren eraginez buelta eman behar izan zuten. Hurrengo saiakeran goraino igotzea zuten buruan, baina, Sagastumek oso justu ikusten zuen bere burua aklimatazio aldetik, eguraldiaren iragarpenak ere ez ziren hoberenak eta ez saiatzea erabaki zuten. «Sentsazio txarra izan zen hura; ez saiatu eta ez aprobetxatu izanaren sentsazioarekin etxeratu nintzen».

KONPAINIAN HOBE

Aurretik bakar-bakarrik ere egin izan ditu mendi batzuk, Kilimanjaro esaterako. Baina hilabete bateko esperientzia batean ez zen inoiz bakarrik egon. Pico Leninen, eguraldi txarra medio, egun asko igaro behar izan zituzten kanpin barruan sartuta eta «oso bakarrik» sentitu zela adierazi du. «Beste bidelagunek taldetxoak eginda zeuzkaten eta ni lekuz kanpo sentitzen nintzen; oso gogorra egiten da». Izandako esperientziak kontuan hartuta, garrantzizkotzat jotzen du amezketarrak konpainia: «Aurreneko gauza norekin joango naizen pentsatzen dut, tartean lagunen bat edo gustuko jendea bada hobe eta ondoren, nora joango naizen».


TXINDOKIKO ARISTA

Txindoki gustuko mendia du Sagastumek; 300 aldiz inguru igo izango da honez gero eta Txindokiko arista 50 bat aldiz eskalatu izango du. Udako sentsazio gazi-gozoaren ondoren, Joseba Iztueta lagun gabiriarrarekin elkartu zen. Hau ere suerterik izan ez zuen espedizio batetik etorri berria zen, eta hutsunea betetzeko zerbait egin behar zutela otu zitzaien.

Irailaren 9an, Larraiztik Txindokira joan-etorriko errekorra egin zuten. Korrika abiatu, eta Ameztiko harkaitz-ertza eskalatu zuten, tontorreraino. Materiala goian utzita, korrika jaitsi ziren, Oriako iturritik barrena. 1:35:18ko denbora egin zuten. Aurretik, Ibarrako bi gaztek zeukaten marka (1:41:00). Oso nekagarria izan zela adierazi du Sagastumek. «Berez ez da hainbestekoa egin genuena, baina, niretzat Txindoki berezia da». Beti gustatzen zaio Txindokin gauzak egitea: leku arraroetatik igotzea, esaterako. «Esperimentu berriak egiteko laborategi ona da Txindoki».

AURRERA BEGIRA

Milaka leku dauzka buruan. Abentura eta bidaiatzea gustuko duenez, edozer egingo luke. Hurrengo urterako ez dauka oraindik oso garbi, baina, Andeetara joatea tentagarri egiten zaio. Ez da oraindik ezer segurua.

Hala ere, ziur dago zerbait egingo duela, motibazio faltarik ez baitu inoiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!