Altuna, finalaurrekoetara!

Ataria 2016ko urr. 30a, 20:43

Jokin Altunak 22 eta 9 irabazi dio Iker Irribarriari Donostiako Atano III frontoian eta Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du bi aste barru Lau t´erdiko Txapelketa Nagusiko honetako finalaurrekoa. Pilotazalea asko bildu dira partida ikustera, asko gazteak, eta amezketarraren zaleak hasieratik nabarmendu dira bere babes oihu eta kantu.

Bi zati nabarmen izan ditu partidak: zazpina artekoan Irribarriak jarri du erritmoa bere zartara ikaragarriarekin eta Altunak eusten eta sufritzen duen gaitasuna erakutsi digu. Hortik aurrera erabat nagusitu da amezketarra.

Jokini egokitu zaio lehen sakea, eta saketik egin du lehen tantoa. Banakoa egin du Irribarriak, baina amezketarrarentzat izan dira hurrengo lauak: 1-5. Bolada honetan Altunak ez du sakearekin behartu eta Irribarriak agindu du tanto guztietan; Jokinek eustea lortzen zuen arik eta aramarrak pilota erraza edo erraz samarra galtzen zuen arte. Irribarriak bigarrena egin du eta beste hiru tanto kateatuta bosna jarri dira; ondo sakatu du, asko behartuz Jokin, eta tanto oso onak jokatu ditu. Jokatzen ari zen bezala aramarra, partida estua iragartzen zen, oso estua. Gero, Jokinen tantoa, Irribarriaren bi, eta partidako tanto klabetakoa etorri da: sakea luzeegi atera du Irribarriak.

Hortik aurrera erabat aldatu da partida. Jokin askoz hobeto sakatzen hasi da, eta ia tanto guztiak menderatu ditu. Irribarriaren mendera pasatzen zenean ere lehen partean tantoa defendatzeko orduan erakutsitako errekurtso guztiak berrerakutsi dizkigu. Baina gehienean berak menderatu du tantoa: pilotakada biziak, gurutzatuak, Irribarria behartzen zutenak jo ditu behin eta berriz, eta zuloa ikusten zuenean zazta, haraxe! Ezker gantxoak zabalera bizi edo txokora goxo, pilotakada luzeak ezker-horman, ohituak gauzkan lege zaharreko eskuin bi-hormakoren bat ... Tanto dotore ugari egin du.

Txapelketa honetan jokatu dituen hiru partidetatik, gaurkoa izan da ondoen aritu dena duda izpirik gabe. Jokoan zegoena jokoan egonda, irabaztea zen garrantzitsua, baina ondo jokatuz irabaztea beste gauza bat da, eta halaxe egin du. Beste itxura bat eman du gaur frontoi osoko egungo txapeldunaren aurka: sueltoago, biziago, egin nahi zuena egiten ari zenaren itsura emanez aldiro, zuloak ikusiz eta, aipatzekoa, fisikoki sasoi puntu hobean; Irribarria oso mutil indartsua da baina, itxuraz, hobeto asimilatu du amezketarrak lehen hamar-hamabi tanto azkar eta piloteatuen ahalegin handia.

Bi aste ditu orain Aimar Olaizolaren aurkako partida prestatzeko. Partida zaila, ikaragarri zaila. Ondo gogoan dugu iaz amezketarrak Olaizolari ligaxkan irabazi zion hura, baina ez da erraza izango Goizuetako azeria bigarrenez zepoan harrapatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!