Jokin Altuna, zoriontasuna banatzen

Asier Imaz 2016ko urr. 22a, 00:55

Victor 19-12 jarri denean markagailuan, denak galdutzat ematen zuen: partidak eta txapelketak. Azken 10 tantoak, ordea, Jokin Altunak egin ditu jarraian, sakeari esker.

Amezketarraren jarraitzaileek asko sufritu zuten atzo gauean Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Baina gozamena are eta handiagoa izan zen.

Lau t'erdiko txapelketaren partida jokatu zuen atzo Jokin Altunak, Victor-en aurka. Ligaxkako bigarrena zen, iragan igandean, Eibarren, Urrikoetxearen aurka lehenengoa jokatu eta galdu ondoren. Errioxarrak gauza bera egin zuen Irribarriaren aurka, beraz, bientzat hil ala biziko partida zen.

Amezketarra markagailuan erraz aurreratu zen, Victor-en hutsak aprobetxatuz. Ondoren, ordea, errioxarraren buelta etorri zen, eta zazpinakotik aurrera, markagailua erabat gorri izan zen. Jokin Altunak partidatik kanpo zebilen une horretan, "ezin lekua aurkitu". Hamabiko behartutako atsedenaldiaren aurretik, Victor-engana gerturatzea lortu zuen Altuna III.ak, baina berriro jokora itzuli zirenean gauzak beltz jarri ziren: 19-12. Agur partidari, eta agur txapelketari pentsatuko zuen bateren batek. Artekariak ere zalantzan zeuden, zer egin, kantatzen jarraitu edo eseri. 40 ehuni oihukatu zuen batek orduan, eta ikusleen artean agure batek baietz, berak hartzen zuela erantzun zion disimuluan. Eta gauzak nola diren, hortik aurrerako tanto guztiak urdin izan ziren.

Jokin Altunak sakea berreskuratu zuen 19 eta 12koan, eta ez hori bakarrik, asmatzen hasi zen. Bost jarraian sartu zizkion errioxarrari, eta harmailak sutan jarri zituen. Egiari zor, Atano III.ak ez zuen itxura onik atzokoan, baina inor falta ez zela ere egia da. Hasiera hasieratik Amezketa eta inguruetatik joandako zaletuek "Jokin!, Jokin!" besterik ez zuten oihukatzen, baita momentu txarrenetan ere. Ekaitz Saralegi ere alboan zuen Altuna III.ak, botilero lanetan, eta lanean jarraitzeko esaten zion behin eta berriz, oraindik partida ez zela amaitu. Hemeretzinako berdinketak burrunba izugarria ekarri zuen, eta hortik aurrerako tantoek markagailuari ez sinesteko iraulia eman zioten. Atano III.an elkartu ziren pilotazaleen aurpegiak ikustekoak ziren: zoriontasuna banatu zuen Jokin Altunak, beste behin ere. 

Partida ostean, aldageletan, "dena galduta" ikusi zuenean lasaitu eta sakearekin asmatzen hasi zela esan zuen Jokin Altunak. Eta nola ez, Ekaitz Saralegi eta jarraitzaileak izan zituen gogoan: "Galtzen dudanean, eurengatik sufritzen dut gehien".

Atzo ez zuen esan, baina profesionaletara igo orduko, Jokin Altunak gogoratzeko moduko esaldi horietako bat bota zuen, partida ia galduta dagoen une horien inguruan: "Pilotari handiek horrelako egoeretan erakusten dute handiak direla". Hori esan zuenean ez zuen markagailua iraultzea lortu, baina atzo bai.

Irribarriaren aurka, hilaren 30ean

Atzoko garaipenari esker bizirik jarraitzen du Altuna III.ak lau t'erdiko txapelketan. Ligaxkako azken partida Irribarriaren aurka jokatuko du. Aurrez, buruz-buruko txapeldunak Urritikoetxearen aurkakoa izango du. Hor zer gertatzen den gertutik jarraituko beharko da, ligaxkako azken jardunaldiari begira jartzeko. Gauzak argi esanda, Urritikoetxeak Irribarriari irabazten baldin badio, finalerdietarako txartela Altuna III.a eta Irribarriaren arteko partidan egongo da. Gipuzkoarrak bizkaitarrari irabazten baldin badio, berriz, amezketarrak Irribarriari irabazi eta ziurrenik tanto kopuruari begira geratu beharko du. Hori, gaur bertan argituko da, Urrutikoetxea eta Irribarriaren arteko partida ondoren.

Igandean, Tolosan, Jaka Peña II.aren aurka

Lau t'erdiko txapelketan, baina promozio mailan, eskualdeko bi pilotari neurtuko dira igandean Tolosako Beotibar pilotalekuan. Erik Jaka lizartzarrak eta Jon Ander Peña tolosarrak lehen jardunaldia garaipenarekin hasi zuten. Bigarrengoa elkarren aurka jokatuko dute, 17:00etan hasiko den jaialdian. Bengoetxea VI.ak eta Retegi Bik ere txapelketako partida jokatuko dute egun eta pilotaleku berean.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!