Jolastoki berria Amezketan

Ataria 2016ko urriaren 18a

Amezketako Beltzaren plaza eta Abaltzisketara igotzeko bidearen arteko jolastokia berritu du Amezketako Udalak. Obren helburua da haurren segurtasuna "bermatzea", eta 22.000 euroko aurrekontua izan du.

2002. urtean eraikitako jolastokia eraberritu du Amezketako Udalak: "Urteak pasa ahala, jolastokiko elementuak desgastatu egin dira eta elementu horiek ez zituzen betetzen gero eta zorrotzagoak diren segurtasun neurriak", adierazi du Amezketako Udalak.

Herritarren segurtasuna "bermatzea" da udalaren ardura nagusietako bat. Horrela, udal arduradunak harremanetan jarri ziren jolastokien hornikunaz arduratzen diren enpresa batzuekin. Enpresa bakoitzak egitasmo bat aurkeztu zuen, eta Udalak Electro Talleres Zarauz enpresari esleitu zion horniketa: 22.175,97 euroko aurrekontua izan du.

Jolastokiak 120 metro karratuko azalera leuna du oinarri, eta lau elementu izango ditu: bi kulunka eta bi multzo, txirrista eta hodiez osatuata. Multzo horiek lokarri eta irudiak dituzte, eta sei urte arteko haurrek erabil ditzakete. Kulunkak, berriz, 13 urte arteko herritarrek erabiltzeko aukera dute.

Udalak deia egin die herritarrei erabilpenerako adina errespeta dezatela, jolastoki berria ahal den modurik egokienean erabil dezatela, eta ingurua garbi manten dezatela, bertan dauden paperontziak erabiliz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!