Jokin Altunak bi urtez luzatu du Asperekin kontratua

Ataria 2016ko urriaren 13a

Altuna eta Urrutikoetxea, pilota aukeraketan.

Amezketarrak Asperekin duen lotura 2020. urtera arte luzatu du. Igandean aurtengo Lau T'erdiko Txapelketako lehen partida jokatuko du Urrutikoetxearen aurka.

Altuna III.ak 2014ko ekainaren 24ean egin zuen debuta profesional mailan Asperen eskutik. Orduan hiru urterako kontratua sinatu zuen. Aurreko urtean kontratu hori luzatu egin zuen beste urtebetez, 2018ra arte, beraz. Oraingoan beste bi urtez luzatuta, 2020. urtera arte Aspeko pilotaria izango da amezketarra.

Gaur Eibarko Astelena pilotalekuan izan da Urrutikoetxearekin batera, igandeko partidarako pilotak aukeratzeko. Altunak azaldu duenez, "materiala ona da. Lau pilotak gustatzen zaizkit. Agian Urrutikoetxeak aukeratu dituenak gehiago ateratzen dira frontisetik, baina distantziarako egokiak dira". Irujoren lekua hartu du amezketarrak Lau T'erdiko Txapelketan, eta beraz ligaxkan jokatuko du. Igandekoa izango da bere lehen partida eta eta ondo dagoela esan du: "Partidaz betetako uda izan dut, eta gogoa nuen txipa aldatu eta txapelketa jokatzen hasteko. Ilusioarekin nago".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!