XXVII. Joxan Tolosa Txapelketako finalak, igandean

Ataria 2016ko ira. 2a, 14:00

Datorren igandean jokatuko dira XXVII. Joxan Tolosa Txapelketako finalak, 17:00etan, Amezketako Larrunari pilotalekuan. Kadeteetan, Mata eta Apezetxea izango dira nor baino nor; jubeniletan, Etxeberria eta Alberdi lehiatuko dira txapelaren jabe egin nahian; maila nagusian, Santxo eta Perezek neurtuko dituzte indarrak.

Norgehiagoka estuak aurreikusten dira hiru kategoriatan. Kadete mailako finalean, Apezetxeak pilotari indar gehiago emango badio ere, Mata oso pilotaria da, aurreko koadroetan bikain moldatzen dena. Xalton Zabala Zazpi Itturri klubeko arduradunak adierazi duenez, "galtza bete lan izango dute bi pilotariek, ez naiz ausartzen irabazlearen izena esaten".

Jubenil mailan, Alberdi Etxeberria baino gazteagoa den arren, Xalton Zabalak honakoa esan du partidaren gainean: "Etxeberria indartsuagoa da, baina, Alberdik partida aurrera atera beharko luke. Bera da faboritoa".

Nagusietan, Perezek erakustaldia eman zuen finalerdian, Zubizarreta zazpiko arrastoan mantenduz; errebotera ere bidali zuen pilotariak. Halere, Zazpi Itturri klubeko arduradunak Santxoren aldeko apustua egiten du: "Santxo esperientzia handikoa da, laugarren finala izango du aurtengoa, eta ez du oraindik irabaztea lortu. Orain da bere garaia, gaur egungo buruz buruko pilotari onenetakoa baita".

Jokin Altuna eta Iker Iribarria pilotariek banatuko dituzte sariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!