San Bartolome Jaiak 2016

Pilotalekua kuadrillen kolorez beteta

Eneritz Maiz 2016ko abuztuaren 26a

Kuadrillen eguna dute Amezketan, eta ederki bazkaldu dute pilotalekuan sartuta. Kolore ezberdinez jantzita, adinak ez du axola eta kuadrillak festa giroaz gozatzen ari dira herriko jaietan.

Goiza kirola eginez hasi badute ere batzuek, gehienak eguerdiko poteoak elkartu ditu.

Larrunarri pilotalekura gerturatu dira tripa ondo betetzeko asmotan, eta behin bazkalduta jokoak izango dituzte segidan. Jokoak, baina poteoak lagunduta. Beraz, oihu, irri eta umorerik ez da faltako amezketarren artean. Kaleak alaituko dituzte, eta egunari jarraipena 21:00etako zahagi ardoarekin emango diote.

Argazki muntaiaren erakustaldia izango dute afal ostean, eta 23:00etan emango dio erromeriari hasiera Iratzar taldeak plazan. Atsedenaldian, kulero eta galtzontzilo lasterketa izango da animatu nahi duenarentzat.

Gaurko egun beteak azken egunari emango dio erreleboa, eta bihar amaituko dituzte Amezketan San Bartolome jaiak:

Bihar, abuztuak 27

12:30. Amaiur, Iruñeko dantza taldearen emanaldia, Larrunarri pilotalekuan.

18:00.Artzain txakurren erakustaldia, Jauregi-Haundi ondoko zelaian.

20:30. Sagardo dastaketa, plazan.

23:00. Untza taldearekin dantzaldia.

00:00. Euliaren hileta.

Segidan. Untza taldearekin goizaldera arte erromeria.

Tartean. Akelok guraso elkartekoen txekorraren zozketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!