12:00ak jota hasi da talde hori eta arrosaren arteko desafioa eguzki berotan. Ergometroko lanekin eman zaio hasiera lehiari, eta eguzkitatik babesteko taula gainean babestuta jarri dituzte bi ergometroak. Zuhara Telletxea eta Uxue Zuriarrain 1000 metroak egiteko ia pare-parean joan dira, eta hasiera batean Zuriarrain aurretik bazen ere, lanak bukatzerako Telletxeak aurrea hartu dio egin beharreko kilometroa aurrena amaituz.
Hortik aurrera 30 segundo horien bueltan ibili da norgehiagoka. Talde oso orekatuak izan dira, eta tarte horri eusteko gaitasuna izan du talde horiak momentu guztian zehar bigarren itzulia ere aurretik hasiz. Ibai Amundarain eta Felix bizikletan paretsuan ibili dira, eta baita Eneko Goitia eta Julen Goñi ere korrika. Bizikletan 1,3 kilometroko ibilbideari lau itzuli eman behar izan dizkiete, eta korrikalariek berriz, 550 metroko ibilbidean lau buelta egin behar izan dituzte.
Plazatik barrena eman dituzten buelta guztietan ez zaie animorik falta izan, eta Aitor Elduaien esatari adituak ere saltsa jarri du Amezketako plazan, apustu eginez.
Desafioaren antolatzaileek herrian "saltsa" jartzea zuten helburu, eta lortu dute. Lanak amaitzean eta jokoan zuten ohorea banatuta mikrofonoa gerturatu die esatariak. Eskerrak eman dizkiete gerturatu diren guztiei, eta baita animo oihu eta txaloengatik ere. Lehen edizioak arrakasta izan du, eta ea datorren urtean ere horrelako zerbait egiteko jendea animatzen den esanez agurtu dira aurtengo parte hartzaileak, plazaren erditik.