San Bartolome Jaiak 2016

Ohorea jokoan, desafioa Amezketan

Eneritz Maiz 2016ko abuztuaren 22a

Amezketako jaietan, ostegunean, herriko bi talderen arteko desafioa izango da. Ergometroa, bizikleta eta korrika egin beharko dituzte, bi itzulietara.

Zerbait behar eta "herrian saltsa" jartzeko asmoarekin bota dute desafioa herriko bi taldek. Alde batetik, Ibai Amundarain, Zuhara Telletxea eta Eneko Goitia ariko dira, eta bestetik Imanol Artola Felix, Uxue Zuriarrain eta Julen Goñi.

Bazkari baten bueltan elkartu, eta hirukote bakoitzak zer lan egin beharko duen erabaki zuten. Triatloia oinarri hartu, eta Amezketan itsasorik ez dutenez ergometroa aukeratu dute. 1000 metro egin beharko dituzte ergometroarekin Zuhara Telletxea eta Uxue Zuriarrain arraunlariek. Hauen atzetik Ibai Amundarain eta Felix aterako dira bizikletan, eta 1,3 kilometroko ibilbidean (plaza, porteria, herriaren kanpotik beheko biribilgunera, herri barrutik Zubeldianera eta Txekorranetik berriz ere plazara) lau itzuli egin beharko dituzte. Txirrindularien erreleboa Eneko Goitiak eta Julen Goñik hartuko dute, eta 550 metroko ibilbidean (plaza, porteria, Ametza herriaren barrutik, Zubeldianera eta Txekorranetik berriz ere plazara) lau itzuli eman beharko dituzte. Bi itzuli egin beharko ditu talde bakoitzak.

Ostegunean, 12:00etan emango zaio hasiera desafioari eta apustuak egitea libre izango da. Desafioan botatako indarrak, berriz, txakolin dastaketarekin berdintzeko aukera izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!