Amezketako Udalak diru-laguntzak eman ditu

Ataria 2016ko abuztuaren 3a

Urtero legez, aurtengoan ere Amezketako Udalak diruz lagundu ditu hainbat erakunde: batetik, herriko eragile nagusiak; bestetik, euskararen sustapenean diharduten erakunde batzuk; eta azkenik, gizarte arloko erakunde bat.

Herriko eragileei dagokienez, diru-laguntza nagusiak Akelok guraso elkarteari eta Zazpi Iturri pilota eskolari bideratuta daude, herriarentzako interesekoak diren ekintzak aurrera eraman ditzaten. Hain justu ere, Akelok guraso elkarteari, 2.140 euro onartu zaizkio; Zazpi Iturri pilota eskolari, aldiz, 3.500 euro. Bi elkarte hauek diru-laguntzaren erdia jaso zuten martxoan, eta beste erdia urtearen amaieran jasoko dute.

Euskara bultzatzen duten erakundeen kasuan, hauek 12.124 euro jasoko dituzte guztira. UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari, 5.840 euro emango zaizkio; eta Tolosaldeko Ataria egunkariari, berriz, 4.840 euroko transferentzia egingo zaio. Herriko probintzi bakoitzean ospatzen diren Ikastolen Festetako eta Eskola Publikoko jaiaren antolatzaileei, aldiz, 60-500 euro arteko kopuruak banatu dira. Hauen artean, esaterako, kopururik handienak Nafarroa Oinez eta Herri Urrats-era bideratu dira; Iparraldean eta Nafarroan euskararen egoera ilunagoa baita. Laguntza horiez gain, Udalak bere gain hartzen ditu urtean zehar egiten diren literatur jardunaldiak eta euskarako klaseen ordainketak.

Beste alde batetik, Gaindegia eta Behatokia elkarteak, eta Gure esku dago eta Ehun milak ekimenak ere diruz laguntzen dira. Gizartearen arloan, ordea, Gipuzkoako Elikagai Bankua-ri 1.000 euro eman zaizkio.

Diru-laguntza hauek tarteko, Amezketako Udalak uste du euren alea jartzen ari direla, herrigintzan, euskararen sustapenean, eta gizarte arloan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!