Azpitarte eta Exposito garaile, Joxan Tolosa txapelketako lehen partidetan

Ataria 2016ko abuztuaren 1a

Joxan Tolosaren omenezko txapelketako lehen partidak jokatu zituzten larunbatean, Amezketan. Azpitarte 18-15 gailendu zitzaion Kamiruagari, eta Expositok 18-4 irabazi zion Uriberi.
 

Lehen partida emozio handikoa izan zen. Kamiruaga hasi zen agintzen sake-errematea ondo aprobetxatuz. Azpitarte altzotarrak ez zuen asmatzen joko hori hausteko modurik. Kamiruagak tanto erdiak egin zituen Azpitarte tantoak egiten hasi zenerako: 5-11 zen emaitza. Azpitartek, ordea, joko bolada ona hartu eta egoerari buelta eman zion 7-1eko partziala eginda, eta partida berdintzea lortu zuen: 12-12. 16-13 aurreratu zen altzotarra, eta 18-15 amaitu zen azkenean partida.
 
Bigarren partidan, Uribe gasteiztarra eta Expostigo astigarragatarra aritu ziren. Exposito erraz aurreratu zen 0-15eko partziala eginda. Partida 18-4 amaitu zen. 
 
Uztailaren 30ean hasi zen eta irailaren 4an amaituko da XXVII. Joxan Tolosa txapelketa. Frontoi osoan buruz buru jokatzen da txapelketa hau hiru mailatan banatuta: kadeteak, gazteak eta nagusiak. Maila bakoitzean, herrialde bakoitzeko txapeldunez gainera, Euskadiko Txapeldunek ere jokatuko dute.
 
 
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!