San Bartolome Jaiak 2016

Abuztuaren hondarrak, paregabeak

IƱigo Otaegi 2016ko abu. 17a, 20:00

Egitarau mardula osatu dute amezketarrek, beste behin. Abuztuaren 23an hasi, eta 27ra bitarte luzatuko dira Amezketako San Bartolome jaiak.

Haurren zalapartarekin hasiko dira festak. Burrunba baretzeko, ordea, puzgarriak, jolasak, eta txokolate jatea izango dituzte, adibidez. Amezketarrak identifikatzen dituen eulia jaitsiko da 20:30ean; segidan, zahagi ardoa, eta Ezten giro musika taldearekin dantzarako tartea izango dute herritarrek.

Ezbairik gabe, egun indartsuena jaiei izena ematen dien eguna da, San Bartolome Eguna. Diana goiztiarraren ondoren, herri kirolak izango dira; lehenik, herriko gazteak ariko dira, eta gero, izen handiko kirolarien txanda izango da. Kirolak ez du etenik izango, pilota profesionalaz gozatzeko abagunea izango delako, 17:30ean. Egan taldeak bere azkenak Amezketan ere emango ditu, arratsaldean eta iluntzean. Tartean, bertso saio dotorea izango da frontoian.

Mozorro Eguna abiadura handian hasiko da, goitibehera lasterketarekin. Erritmoa mantsotze aldera, txakolin dastatzea izango dute amezketarrek. 16:00etan, aldiz, XI. Mus txapelketa ospatuko da. Aurten, bosgarren Kuadrillen Eguna abuztuaren 26an izango da. Pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dira, 10:30ean; gero, poteoa eta kuadrillen arteko bazkaria izango dira, hurrenez hurren. Giroa mantentzearren, iluntzean, zahagi ardoa izango da. Beroari aurka egin nahian, kulero eta galtzontzilo lasterketa egingo dute herritarrek. Abuztuaren 27an, Iruñeako dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Arratsaldean, artzain txakurren erakustaldia eta sagardo dastaketa izango dira. Nola ez, euliaren hiletarekin gastatuko dira San Bartolome jaien apurrak.

 

SAN BARTOLOME JAIAK

ABUZTUAK 23, ASTEARTEA

UMEEN EGUNA

11:00-13:00. Puzgarriak eta jolasak.

Ondoren. Umeen bazkaria Zazpi-Itturri elkartean.

15:00-18:00. Puzgarriak eta jolasak.

Ondoren. Txokolate jatea.

19:00. Kalejira buruhandi eta txistulariekin.

20:30. Euliaren jaitsiera eta agurra.

21:00. Zahagi ardoa (Udalak, ogia, ardoa, gazta eta kafea jarriko ditu).

23:00. Ezten giro taldearekin dantzaldia plazan.

Atsedenaldian. Bingoa plazan.

 

ABUZTUAK 24, ASTEAZKENA

SAN BARTOLOME EGUNA

10:00. Herrian zehar diana txistulariekin.

11:00. Meza, San Bartolome elizan.

12:30. Herriko haur eta gaztetxoek eskainita, herri kirolak plazan.

Tartean. Idoia Etxeberria eta Joseba Ostolaza harri jasotzen, eta Ugaitz Mugerza aizkoran.

17:30. Pilota partidak.

Ondoren. Egan taldearekin dantza saioa plazan.

22:30. Altuna anaiak frontoian, bertso saioa: Bixente Gorostidi, Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Oihana Iguaran eta Mikel Artola. Gai-jartzailea: Imanol Artola.

Atsedenaldian. Bingoa plazan.

 

ABUZTUAK 25, OSTEGUNA

MOZORRO EGUNA

12:00. Herriko gazteen goitibehera lasterketa San Martin aldetik.

13:30. Txakolin dastaketa plazan (jatekoa norberak eraman beharko du, udalak parrila piztuko du).

15:30. XI. Mus txapelketarako izen-ematea (bikotekide batek amezketarra behar du izan; bikoteko, 10 euro ordaindu beharko dira).

16:00. XI. Mus txapelketaren hasiera.

20:00. Mozorroen sariketa plazan.

23:30. Obaneuke taldearekin dantzaldia plazan.

Atsedenaldian. Bingoa plazan.

 

ABUZTUAK 26, OSTIRALA

10:30. XVI. Pilota txapelketa herrikoiaren finalak.

Ondoren. Poteoa.

14:30. Kuadrillen bazkaria, Larrunarri pilotalekuan.

Segidan. Joko poteoa.

21:00. Zahagi sagardoa (udalak sagardoa jarriko du).

Jarraian. Argazki muntaiaren erakustaldia.

23:00. Iratzar taldearekin erromeria plazan.

Atsedenaldian. Kulero eta galtzontzilo lasterketa.

 

ABUZTUAK 27, LARUNBATA

12:30. Amaiur, Iruñeako dantza taldearen emanaldia, Larrunarri pilotalekuan.

18:00.Artzain txakurren erakustaldia, Jauregi-Haundi ondoko zelaian.

20:30. Sagardo dastaketa, plazan.

23:00. Untza taldearekin dantzaldia.

00:00. Euliaren hileta.

Segidan. Untza taldearekin goizaldera arte erromeria.

Tartean. Akelok guraso elkartekoen txekorraren zozketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!