Amezketako Udalak bere erabakien aktak euskara hutsean bidaltzen jarraituko du

Ataria 2016ko ekainaren 28a

"Amezketan euskaraz bizi gara" kartela, herriaren sarreran.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin zuen auzia irabazi ondoren berretsi du bere jarrera udalak.

EAEko Auzitegi Nagusiak joan zen ekainaren 1ean Amezketako Udalaren aldeko epaia eman zuen, eta bertan erkidegoan Espainiako Gobernuaren Ordezkari den Carlos Urkijok aurkeztu zuen errekurtsoa gaitzestea ebatzi zuen, honek aktak euskara hutsean bidaltzeagatik udalaren aurka zuen liskarrean.

Duela pare bat urte Espainiako Gobernuaren ordezkariak 24 bat udal salatu zituen beren udaletako aktak erakunde honetara euskara hutsean bidaltzeagatik, ez baitzion legezko baliorik ematen euskaraz idatzitako dokumentu hauei. Horrela, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (Uema) defentsa juridikoarekin, udalerri hauek beren eskubidea auzitegietan defendatzeko ibilbideari ekin zioten eta poliki-poliki, 2015ean zehar, Donostiako auzitegietan beren aldeko epaiak ateratzen joan ziren. Amezketako Udalari zegokionez, Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiak 2015eko irailaren 9ko epaian udalaren alde erabaki zuen. Halere, Espainiako Gobernuaren Ordezkariak bere horretan jarraitu zuen eta, beste hainbat herrien kasuan bezalaxe, errekurtsoa jarri zion epaiari.

Oraingo honetan ordea, goian esan bezala, Bilboko Auzitegiak arrazoia eman dio Amezketako Udalari eta erabakia irmoa da, behin betikoa, eta honi esker, udalak bere erabakien aktak euskara hutsean edozein administrazioari bidaltzen jarraituko du, orain arte bezalaxe eta auzitegiek emandako erabateko berme legalarekin. Erkidegoko organo judizial gorenaren esanetan, euskara hizkuntza ofiziala izanik, bertan diharduten administrazio desberdinek, Espainiako administrazio periferikoak barne, euskara ezagutzeko gaitasuna izan behar dute. Are gehiago, auzitegiak dio "erabat paradoxikoa izango litzatekeela, benetako kontraesan legala, erkidegoko herritarrek administrazio periferikoari euskara hutsean zuzentzeko eskubidea izanik [erkidegoan dagoen Espainiako Administrazioari alegia, Gizarte Segurantza esate baterako], beste administrazio batek [udalen kasua] eskubiderik ez izatea modu berdinean jokatzeko eta beren dokumentuak euskara hutsean bidaltzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!